2020rako hiriko birziklapen tasa %65ekoa izan dadila exijitu diote Donostiako Udalari
Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak protesta egin zuen atzo Alderdi Ederren, Birziklapenaren nazioarteko eguna zela eta. Horrela izendatu zuen UNESCOk maiatzaren 17a, birziklapenaren garrantzia azpimarratzeko, eta gure egunerokotasunean praktika horren ezarpena sustatzeko. Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideak udaletxearen aurrean bildu ziren, Donostiak gai horrekiko daraman atzerapena salatzeko.
“Batez beste, 288 kilo errefusa sortzen ditugu urtean pertsonako (Gipuzkoako gainerako lekuetan 160), eta hiriko birziklapen tasa %40koa da (61% lurraldean)”, adierazi dute plataformakoek. Era berean, Donostiako Udalari leporatu diote ehuneko hori handitzeko beharrezko lana ez egitea, eta errauskailua jarri dute jomugan: “Bitartean, errauskailua egiten ari dira hemendik bost kilometrora”. 2020rako hiriko birziklatze tasa %65ekoa izan dadila exijitu nahi izan dute Errausketaren Aurkako Mugimendukoek, joan den maiatzaren 2an Koldo Mitxelenean azaldu bezala.