Donostia Kulturak 86 lanpostuz osatutako Enplegu Eskaintza Publikoa onartu du
86 lanpostuz osatutako Enplegu Eskaintza Publikoa onartu zuen atzo, maiatzaren 17an, Donostia Kulturak. Lanpostu horiek honako unitate teknikoetan daude: kultur etxeak, liburutegi, San Telmo Museoa, antzoki eta zinemak, Arte Eszenikoak, Musika, Festak, Komunikazioa eta Administrazioa.
Donostia Kulturako Administrazio Kontseiluak atzo egindako bileran onartu zuen 2019ko Enplegu Eskaintza Publikoa (EPE), 80 lanpostuz osatutakoa. Lanpostu horiek 2017 eta 2018ko EPEetan onartutako 6 lanpostuetara gehitzen dira. Horietatik 78 txanda librean beteko dira eta 8 barne sustapenaz. Eskainitako lanpostu guztien %7a desgaitasunen bat duten pertsonek beteko dituztela jakinarazi dute.
Lanpostu horiek betetzeko prozesuak modu mailakatuan egingo dira datozen urteetan, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko da hori. Deialdiak egin ahala, izena emateko aukera egongo da Donostia Kulturaren webgunearen bidez. Era berean, Donostiako Udalaren lan eskaintzen atarian alta emanez gero, hautatze-prozesuetarako abisuak jasotzeko aukera ere badute herritarrek. Hautaketa prozesua gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnak zerrendan geratuko dira, eta zerrenda hori erabiliko du udalak hutsik gera daitezkeen lanpostuak edota denboraldi baterako beharrak betetzeko.