Europako Alderdi Popularra Donostian bilduko dela jakinarazi du PP-k
Gaur goizean jakinarazi du Esteban Gonzalez Pons Europako Parlamenturako PP-ren hautagaiak Europako Alderdi Popularra Donostian bilduko dela ekainaren 11tik 14ra bitartean. Borja Senper Donostiako PP-ren alkategaiak gaur goizean egin duen hauteskunde ekitaldian izan da Pons, eta azaldu du Europako hainbat politikari esanguratsuk hartuko dutela parte bilera horretan, hala nola, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta bere Annegret Kramp-Karrenbauer bere ondorengoak, kargua uzten duen Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, eta Pablo Casado PP-ren presidentea.
PP-ren hauteskunde-egoitzan egin duten ekitaldian Gonzalez Ponsek babesa adierazi dio Senperri, eta haiekin batera izan da Juan Carlos Cano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PP-ren hautagaia. Gonzalez Ponsek adierazitakoaren arabera, Europako Alderdi Popularrak Kursaalean egingo du bere kongresua, eta nabarmendu du “oso ekitaldi garrantzitsua” izango dela. “Europako legegintzaldien hasieran eta bukaeran kargua utziko duten eta sartuko diren eurodiputatu guztiak biltzen gara, hau da, 28 nazionalitatetako 500 bat eurodiputatu”, azpimarratu du Gonzalez Ponsek.
Senperrek baieztatu du Europako finantzaketa egongo dela hiriko hainbat proiektu estrategiko egiteko: Kontxa pasealekuaren lurperatzea, Monpasko Puntako litoralaren amaiera eta Amara Berria erabilera anitzeko pabiloia. “Donostiak Europako Batasunaren bultzada behar du bere eraldaketan eta errealitate berrietara moldatzeko”, adierazi du Irungoak. Lurraldetik eta autonomia-erkidegotik harago konplizitateak eraikitzeko beharra nabarmendu du, eta hiria modernizatzeko, kanpo inbertsioak erakartzeko, eta erreferentziazko eta tendentziazko hiri bat izateko Madrilen eta Europan hartzen diren erabakietan eragiteko garrantzia aldarrikatu du.