"Gure artean elkartasun handia zegoen; familiakoak ginen"
'Kearen artxibogileak' erakusketa ikusgai dago Tabakalerako Sotoan, uztailaren 7ra arte.
‘Kearen unibertsitatea’ deitzen zioten Tabacalera zaharrari, fabrikaren txokoetan pilatzen zen jakinduriagatik. Ez ohiko unibertsitate horren memoria biltzen ari dira Kearen Artxibogileak, hain zuzen, aspaldiko Tabacaleran eta gaur egungo Tabakaleran lana egiten duten emakume taldeak. Tabako fabrikako langile gehienak emakumezkoak ziren, eta Kearen Artxibogileak proiektua garatzen ari den taldeko partaideak ere emakumezkoak dira. Zigarrogile ohiak dira Lupe Luengo, Pili Jauregi, Susi Nestar eta Maite Sorozabal; Ana Revuelta eta Leire San Martin, aldiz, Tabakalera berriko hezkuntza arloko langileak dira.
Haiekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta bideo batean jaso ditugu erakusketaren irudiak eta elkarrizketatuen hitzak. Era berean, joan den urteko abuztuan, erakusketaren inguruko erreportaje sakona argitaratu genuen.
Taldearen izen bera daraman erakusketa, 2018ko uztailaren 6an inauguratu zen, baina proiektuaren zati bat besterik ez da jendaurrean erakusteko prestatutako egitasmo hau. Erakusketa Tabakalerako 0. solairuko Sotoan dago ikusgai, uztailaren 7ra arte.