Itsasoaren Europako Eguna ospatzeko jarduera ugari antolatu ditu Euskal Itsas Museoak
Itsasoaren Europako Eguna da maiatzaren 20a, eta itsasoen eta bere zaintzaren garrantziaz ohartaraztea du helburu. Egun berezi horren harira hainbat jarduera antolatu ditu Euskal Itsas Museoak, beste museo eta erakunde batzuekin batera: Azti, Aquarium Donostia, Navegavela, Mater Museoa, Donostiako Klub Nautikoa, Donostiako Tenis elkartea, Panthalasa Blue Factory eta Albaola. Jarduerak Aquariumean izango dira, maiatzaren 20an, eta horietan parte hartze berezia izango dute Ekintza ikastolako ikasleek. Izan ere, apirilean ikastola horretako ikasleekin batera hainbat egitasmo jarri dituzte martxan: hitzaldiak, hondartzen garbiketa, jasotako zaborrekin collage lehiaketa, etab.
Donostiako kaia izango da jardueren gune nagusia. Alde batetik, Navegavelako Beti Aitxe belaontzian Nola nabigatu kutsatu gabe hitzaldia egingo dute, eta Navegavela badian arituko da Neuston sare batekin zaborra jasotzen. Bestetik, Aquariumean topaketa egingo dute, eta aurrez aipatutako erakundeetako ordezkariek solasaldia egingo dute ikasleekin, itsasoak zaintzeko beharraren inguruan. Ondoren, argazki bat egingo dute, eta Aquariuma bisitatu ondoren, Conservas Olasagastiren eta Malagissona garagardoaren eskutik gastronomiaz dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Azkenik, Ekintza ikastolako DBH-ko hirugarren mailako ikasleak badiara irtengo dira Donostiako Klub Nautikoko padel SUP tauletan eta piraguetan, itsasoko eta Ondarreta hondartzako zaborrak jasotzeko. Jasotzen dituzten hondarrekin eskultura bat osatuko dute, eta Donostiako Klub Nautikoaren sarreran jarriko dute, itsas zaborren arazoa ikusgarri egiteko.
Halaber, joan den maiatzaren 15etik eta 22ra arte, Euskal Itsas Museoan ikusgai izango da Panthalassa Blue Factory kolektiboaren proiektuaren baitan Sergio Penzok euskal kostaldeko hondartza nagusietan jasotako plastiko zaborrez egindako Plastic Family eskultura multzoa. Hainbat egunetan Ekintza Ikastolako ikasleek egindako collageak ere jarriko dituzte ikusgai.
Hiru erakusketa
Itsasoaren Europako Eguna pasa ostean, Euskal Itsas Museoak antolatutako jarduera gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, baita museoko erakusketak bisitatzeko aukera ere. Alde batetik, LONJA erakustaretoa bisitatzeko beta izango dute bisitariek. Aretoa Euskal Itsas Museoko behe solairuan kokatzen da, eta Albaolak dinamizatutako espazio bizia da. San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza prozesuarekin zerikusia duten hainbat tresna eraiki, gorde eta erakusten dira erakustaretoan: upelak, arraunak, txalupak, etab.
Bestetik, Euskal Itsas Museoak Juan de Alcega “lehen mailako pertsonaia” aldarrikatu nahi izan du museoaren areto nagusian kokatutako erakusketan: Juan de Alcega. Jostun unibertsala. Irailaren 29ra arte ikusgai egongo den erakusketan berebiziko garrantzia du Europa osoan lehen aldiz argitaratutako joskintzari buruzko liburuak: Libro de geometria, pratica y traça, el qual trata de lo tocante al officio de sastre. De Alcegaren lana “benetako eskuliburua da garai hartako jantziak egitera begira”. Honela azaldu dute Euskal Itsas Museokoek: “XVI eta XVII. mendeetako euskal joskintzak eta goi mailako jostunek ere gure itsas historiarekin harreman estua dutela iruditzen zaigu. Batetik, mende haietako euskal itsas gizarteak barneratua zuen espiritu ekintzailearen eta jarduera ekonomikoak antolatzeko erabiltzen zituen logiken ordezkari handiak ditugu Juan de Alcega bezalako goi mailako jostunak. Bestetik, garai hartako euskal itsas ekonomiak ehungintzarekin eta ehun merkataritzarekin zuen harremana oso estua zen eta azken hau funtsezkoa izan zela aldarrikatu nahi dugu Alcegaren mailako jostunak gure lurraldean sortzeko”.
Hirugarrenik, Ni, traidorea erakusketa proiektuarekin Juan Aizpitartek Lope de Agirre pertsonaiaren inguruan landu duen interpretazioaren eta Amazonas ibaiaren inguruan El Doradoren bila egindako esplorazio-bidaiaren gertaera historikoen arteko elkarrizketa interaktibo bat proposatzen du Euskal Itsas Museoak. Ekainaren 23an amaituko da Lope de Agirreri buruzko erakusketa, eta horrekin lotuta, Collage korala saio parte-hartzailea antolatu du museoak maiatzaren 25ean. Juan Aizpitartek, Casares Irratiaren laguntzarekin, Ni, traidorea erakusketa dinamizatuko du, eta jardueraren helburua izango da irrati-obra bat sortzea.