Bera Berako bederatzi jokalarik ez dute taldean jarraituko datorren denboraldian
Bera Berari partida bakarra besterik ez zaio geratzen denboraldia amaitu eta, zortea badago, liga titulua irabazteko. Talde donostiarra, ordea, datorren urtera begira hasi da jada, eta klubean jarraituko ez duten jokalarien izenak ezagutzera eman ditu.
Era askotako arrazoiengatik, guztira bederatzi jokalarik utziko dute taldea denboraldi amaieran. Uxue Ezkurdiak, Estitxu Berasategik, Nora Azurmendik, Judith Sansek eta Elke Krstenek joan diren asteetan eman dute euren erabakien berri, eta izen horiei beste lau batu zaizkie asteburuan. Horietako bi denboraldi hasieran Bidebietara iritsitako Priscila Dos Santos brasildarra eta Yunis Camejo kubatarra dira. Bi kasuetan, klubaren erabakiz utziko dute taldea jokalariek.
Beste biak Leire Aramendia eta Maite Zugarrondo dira. Aramendiak bere ibilbide profesionala etetea erabaki du biokimikari gisa jardun ahal izateko. Zugarrondo atezainak, aldiz, hitzaldi hunkigarri batekin azaldu du taldea uztera eraman duen arrazoia: “Bi iloba txikiren ardura daukat, eta une honetan oso zaila egiten zait ama bakarraren bizitza maila honetako eskubaloiarekin uztartzea. Haientzako etorkizuna eta egonkortasuna bilatuko ditut Iruñean. Hoberena dela uste dut”.
Bi jokalariek eskerrak eman dizkiete Bera Berari, taldekideei eta zaleei azken urteetan jasotako babesagatik.