Elkartasun astea egingo dute Txantxarrekan Antiguako hainbat eragilerekin batera
Astelehenetik igandera bitarte, Antiguako Txantxarreka gaztetxeak elkartasun astea egingo du auzoko hainbat eragilerekin batera. Egitasmoaren helburua auzoan eman diren elkartasun ekimenak gogora ekarri eta horien “espiritua” etorkizunean mantentzen laguntzea da.
Auzoan zehar banaturiko oharrean, Antiguan “interes indibidualetatik harago, kolektiboki elkarri laguntzeko sortu diren kontzientzia eta ekintza batasunak” zerrendatu dituzte gaztetxeko kideek. Horien artean, Xolot Gaztetxea, Antiguako Intsumisio Taldea, Ikastolaren sorrera klandestinoa diktadura garaian, eraso sexistei emandako erantzunak, auzoko fabrika zaharretako langile borrokak (Suchard, El León eta Lagarto), euskalgintzaren aldeko apustua eta presoen aldeko mugimendua aipatu dituzte, besteak beste. Gainera, gaztetxean azken urteetan garaturiko zenbait elkartasun ekintza ere gogoratu nahi izan dituzte, hala nola, Txantxaeskola egitasmoarena edo Txantxafrika taldearena.
Zazpi egunez luzatuko den ekimenarekin auzoaren izaera solidarioa sustatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute Txantxarrekako lagunek, eta astean zehar egingo dituzte hainbat ekitaldi nabarmendu dituzte. Asteazkenean, adibidez, elkartasunaren inguruan hausnartzeko solasaldia egingo dute 19:30ean gaztetxea. Ostegunean, berriz, jam session bat antolatuko dute, eta hor lorturiko irabaziak Bilboko 7 Katu gaztetxeari emango dizkiete.
Larunbata izango da asteko egun nagusia, egun horretan ospatuko baitute auzoko elkartasun jaialdia. Eguna mural margoketa batekin hasiko dute, eta gero bazkaria eta haur jolasak izango dituzte. Ondoren, elkartasun argazkia eta festa egingo dituzte, gaztetxean ere. Igandean, azkenik, kantujira egingo dute auzoan zehar Porrotx pailazoaren eskutik.