Elkartasunaren alde arduraz bozkatzeko deialdia egin dute euskal GKEek
Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeetan arduraz bozkatzeko eskatu diete Gobernuz Kanpoko Erakundeek herritarrei, Donostiako Nautikoan egin duten antzerki baten bitartez. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak (79 GKEk osatua) antolatu du egitasmoa, eta alderdiei ere eskakizun bat egin diete: Elkartasuna beraien programetan sartzeko.
Antzerkian, era ikusgarrian jantzitako eta makillatutako pertsonaia batzuek hautetsontzi batean sartu dituzte lankidetzak eta elkartasunak mundua aldatzeko dituen proposamenak, hala nola, nazioarteko lankidetza, ingurumena zaintzea, berdintasun erreala, eta abar. Iñaki Orube koordinakundeko kideak azaldu duenez, datozen hauteskundeetan “elkartasuna bozkatu behar da”, eta alderdiei zentzu horretan konpromisoak hartzeko eskatu die. Sofia Marroquin Euskadiko GGKEen Koordinakundeko presidenteak, eskakizun bera egin du, eta elkartasuna “pertsonen bizitzaren erdigunean” jarri behar dela adierazi du.
Garapenerako lankidetza politikak hobetzeko zortzi proposamen zehatz luzatu dizkiete antolatzaileek alderdiei:
- Hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoei Euskadiko lankidetza politikak defenda ditzatela beraien hauteskunde programetan.
- Idatziz jarri dezatela nazioarteko lankidetzara bideratuko dutela erakundearen aurrekontu osoaren %0,7a edo aurrekontu hori handitzen joango direla, agintaldiaren amaieran ehuneko horretara iritsi ahal izateko. Gainera, datu horiek herritarrentzat eskuragarri egon daitezela, eta ulergarriak izan daitezela.
- Nazioarteko lankidetzako politika hartu dezatela politika publiko finko eta iraunkor gisa, gorabehera politikoen eraginetik kanpo, eta elkarlanean indartu eta gauzatu dezatela gizarte zibileko erakundeekin, haien berezitasuna eta balio erantsia aintzat hartuta.
- Eraldaketa sozialerako hezkuntzaren alde egin dezatela, kontuan hartuz komunikazioa, prestakuntza, mobilizazioa eta eragina.
- Gure herri eta hirietara datozen migratzaileei lagundu diezaietela, harrera programa eraginkorren bidez eta Gizarte Ekintzaren barruan. Elkartasun ekimen hauek ez dituzte lankidetza arloetako baliabideak gutxituko.
- Garapenerako politiken koherentzia bultzatu dezatela gobernu ekintzaren barruan pobreziari eta desberdintasunei aurre egitean arazoaren kausei helduz eta ingurumena errespetatuz, Nazio Batuen 2030erako Agendak dioen moduan.
- Bolumen edo kudeaketa ahalmen handiko erakundeetan, bermatu daitezela benetan parte hartzekoak diren guneak, gizarte zibil antolatuaren ahotsa entzun dadin.
- Baliabide gutxiko udalerri txikietan, gure gomendioa da garapenerako GKEekin eta tokiko elkartasun taldeekin lan egitea, Hegoaldeko herriekin senidetzea eta, adibidez, dirua bideratzea Euskal Fondoaren bitartez.