Gardentasunaren eta hiritarren parte-hartze handiago baten aldeko apustua egin du Aitzole Aranetak
Donostiako udal gobernuaren gardentasun falta eta hiritarren parte-hartzea ez sustatzea kritikatu du Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen alkategaiak, gaur arratsaldean Herreran egin duten agerraldian. Donostiarrak egunero direla donostiar nabarmendu du Aranetak, eta ez lau urtean behin: “Egunero gara hiritarrak, ez soilik lau urtean behin, nahiz eta Goiak eta Gascok donostiarretaz hori pentsatzen dutela dirudien”.
Gardentasunari eta parte-hartzeari dagokienean, Podemosek, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek osatzen duten koalizioak hainbat proposamen dituela azaldu du Aranetak: udalean eserleku hiritar bat sortzea, Donostiako Udaleko batzordeak publikoak egitea eta hiriko proiektu handiak kontsulta lotesleen bitartez hiritarrekin berrestea, besteak beste. Izan ere, “hiritarren parte-hartzea udal gobernuaren ardatz bat” izan behar dela deritzo Aranetak. Horren harira, Saguesko adibidea jarri du alkategaiak, Eneko Goia alkatearen proiektuetako bat baitzen zonaldea birmoldatzeko nazioarteko lehiaketa baitzen, Aranetaren arabera: “nork ezagutuko du hobe Sagues hango bizilagunek baino? Beraiei galdetuz hasi behar gara, eta ez lehiaketarekin. Gobernu honek etxea teilatutik hasteko joera dauka”.
Ezker Anitza-IUko bozeramaile Haizea Garaik, legealdi honetan Irabazi Donostiako teknikaria izan denak, udalaren “opakotasuna” nabarmendu du. Horrekin batera, iruzurraren eta ustelkeriaren kontrako udal bulego bat sortzearen alde egin du, “donostiarrek jakin ahal izan dezaten zein enpresa kontratatzen diren, eta zertarako egiten den”.