Gazteentzat etxebizitzak egin nahi ditu Senperrek Illunben, Altzan eta erabilerarik ez duten eraikinetan
Hiriak garai berrietara moldatzeko beharra duela baieztatu du Borja Senper Donostiako Udaleko PP-ren hautagaiak gaur Illunben. Han izan da PP-koa, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten gazteentzat bere proposamenak aurkezteko. “Politika berritzaileak” martxan jarriko dituela agindu du Senperrek, “gazte donostiarrak emantzipatu ahal izateko”. Etxebizitza tipologia eta formatu berrien aldeko apustua egingo duela gaineratu du, eta horietan lana eta partekatutako espazioak etxebizitzarekin nahastuko dira.
“Anbizio handiko etxebizitza plan bat ezarri behar dugu hirian, udalak gaur egun eskaintzen dituen aukerei alternatibak eskainiko dituena”, esan du Senperrek. Plan horrek emantzipatu eta etxetik ateratzeko beharra duten 3.500 gazteren eskaerak betetzeko xedea izango duela gaineratu du. Horretarako, hainbat neurri zehatz proposatu ditu Irunekoak: “Espazioak badaude hirian. Erabiltzen ez diren eraikinak birgaitu ditzakegu, Mundaiz pasealekuan dauden industria-nabeekin negoziatu dezakegu, behar dituzten berriztatze lanak egin eta coworking eta coliving egitasmoak martxan jartzeko; Aparteko tokia da, Tabakalera alboan”. Egitasmo horrek eremua dinamizatzeko balioko duela baieztatu du Senperrek, baita sorkuntza sustatzeko, jakintza indartzeko, eta bizi-estilo berri bat sortzeko.
Hiriko beste hainbat tokitarako bere asmoak ere azaldu ditu: “Illunbe irteerarik gabeko kalezulo batean dago, eta horri irteera emateko proposamen bat daukagu. Plan Orokorra alda dezagun, eta eraiki ditzagun han gazteentzako 150 etxebizitza berri, aisia, lana eta zerbitzuekin partekatuta egongo direnak”. Altzako hegoaldeko magalarentzat duen proposamena honela definitu du Senperrek: “Miramon II-ren antzeko gune bat izango da, Altza dinamizatzeko xedea izango duena”.