Langabezia tasa altua duten auzoetan enplegu plan bat garatu nahi du Ernesto Gascok
Hiriko batezbesteko langabezia tasa baino tasa altuagoa duten auzoetan enplegu plan berezi bat garatuko dutela azaldu du Ernesto Gasco PSE-EEren alkategaiak gaur Larratxon egin duen agerraldian. Gascoren arabera, aurreko legealdian Donostiak %13ko langabezia tasa zuen, eta azken lau urteetan %8ra jaitsi da. Hala ere, hiriko auzo guztien egoera ez dela berdina adierazi du alkategaiak, eta ekialdeko eta hegoaldeko auzoek (Intxaurrondo, Altza, Bidebieta, Añorga…) %8tik igotzen den langabezia tasa dutela. Horregatik, auzo horietan “kalitatezko enplegua” sortzeko plan bat martxan jarri nahi du Gascok.
Horretaz gain, Larratxoko aparkatzeko tokien arazoa EAJ legealdi honetan eta EH Bildu aurreko legealdian ez zirela konpontzeko gai izan adierazi du Gascok. Horregatik, Irale eraikinaren atzealdean lau pisuko aparkaleku bat eraiki nahi du alkategaiak, 120 plaza berri izango dituena. Rich fabrika zaharraren zonaldea berriz urbanizatzeko proiektua eta “bi astetan” martxan jarriko dituzten Larratxo eta Altza arteko etzandako igogailuaren eraikuntza lanak ere gogoratu ditu Gascok. Azkenik, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonentzako plan bat aurkeztu du PSE-EEren alkategaiak, “euren ingurunearekin harremana galdu ez dezaten”.