Aldundia okupatu dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek
Helduen egoitzetako hogeita hamar langile inguru Gipuzkoa plazako Aldundiaren egoitzan sartu dira, gaur goizean. Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain leloa duen pankartarekin okupatu dute harrera, eta LAB sindikatuak jakinarazi duenez, arratsaldean barruan jarraituko dute. Sindikatuko beste hainbat kide kanpoan daude babesa ematen, eta 17:00-17:30 bitartean herritarrak deitu dituzte Gipuzkoa plazara joan eta elkartasuna adieraztera: “Borroka luzea izaten ari da hau. Ez gara geldituko! Ahal duzuen guztioi tarte bat hartu eta hona etortzeko eskatu nahi dizuegu 17:00-17:30 tartean”. Era berean, Naiz atariak jakinarazi duenez, kanpoan kanpin dendak ireki dituzte eta pixoihal zikinak bota dituzte, «hitzarmena orain» nahi dutela aldarrikatzearekin batera.
LABek deituta beste bost greba egun egingo dituzte aste honetan. Gogoratu dute duela bi urtetik hitzarmenik gabe daudela sektoreak biltzen dituen langileak; 5.000 inguru. Honen ardura Aldundiarena dela dio sindikatuak, “zerbitzu publikoa den heinean”.
Azken bi urtetan aurrerabiderik eman ez izana irudikatu nahi dute gaurko okupazioarekin. Ertzaintzak langileak identifikatu ditu, baina Aldundiko ordezkariek ez dute eurekin hitz egin.