EAJrena "anbizio handiko programa errealista" dela uste du Goiak
Eneko Goia EAJren alkategaiak agerraldia egin du gaur Intxaurrondoko Sagastieder plazan bere alderdiaren hauteskunde-proposamenen laburpen bat egiteko. Zerrendakideez lagundurik, aurkeztu duen programa “anbizio handikoa, orekatua eta errealista” dela adierazi du Goiak, eta aurreko legealdian eginiko lanari jarraipena emateko beharra azpimarratu du, EH Bilduri dardo bat botata: “Lau urte hauetan emandako aldaketa finkatzea beharrezkoa da, lau urtez bakarrik eta akordioetara heltzeko gaitasunik gabe agindu zutenek eraman gintuzten paralisira berriz itzul ez gaitezen”.
Hauteskunde kanpainan zehar aurkeztutako proiektu estrategiko nagusiak gogoratu ditu alkategaiak: UNESCOk Haizearen Orrazioa Gizateriaren Ondare izenda dezan emandako pausoak, Anoetako kirol instalazioen birmoldaketa bultzatzeko proposamena, Sagues auzoa berdiseinaitzeko nazioarteko lehiaketaren sustapena, nazioarteko ikertzaileentzat pentsaturiko bigarren Talent House-aren sorrera eta 2021. urterako hiritik plastikozko poltsen erabilerarekin amaitzeko plangintza, besteak beste.
Gainera, EAJk Donostiako auzoetarako bildu dituen 225 proposamenen zerrenda nabarmendu du Goiak, begirada makroari “mikroa” erantsiko diotela azalduz. Alderdi jeltzaleak proposatutako ideiak “datorren legegintzaldian burutzeko modukoak” direla adierazi du alkategaiak, eta horiek betetzeko, “egonkortasuna emango duten akordioak” lehenetsiko dituela zehaztu du.