'Heriotza. Ante la muerte' erakusketa azken astean sartu da
Maiatzaren 26a, igandea, izango da San Telmo Museoan Heriotza. Ante la muerte erakusketa ikusteko azken eguna. San Telmo Museoak eta Deustuko Unibertsitateko Jose Angel Achon katedradunak elkarrekin komisariatutako erakusketa. Maiatzaren 19ra arteko datuen arabera, erakusketak 16.000 bisitatik gora izan dituela jakinarazi du San Telmo Museoak.
Bi helburu nagusi bilatu ditu erakusketak: alde batetik, gizakiak heriotzari aurre egiteko izan dituen eta dituen moduen berri ematea, eta, bestetik, heriotzaren inguruko tabua haustea, horretaz hitz egiteko bidea emanez. Erakusketa sei ataletan antolatuta dago, sei jarrera kontuan hartzen dituztenak: Irudikatu, Beldurra, Errituak, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzultzea eta Utopiak. Horiek jorratzeko, munduko kultura ezberdinetan jatorria duten askotariko objektuak daude ikusgai: errituekin, sinesmenekin eta ohiturekin lotutakoak; argazkiak; dokumentuak; ikus-entzunezkoak; koadroak; komikiak; eta abar.
Erakusketa bisita gidatuarekin ikusteko hainbat aukera egongo dira aste honetan: asteartean eta larunbatean, 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita gidatuak doakoak dira, museoko sarrera eskuratuta.
Azken jarduera: zahartzaroari buruzko mahai ingurua
Erakusketa ikusgai egon den denboran, museoak jarduera ugari antolatu ditu bere bueltan, heriotzaz ikuspegi eta errealitate desberdinetatik hitz egiteko helburuarekin, eta antolatzaileek azaldutakoaren arabera, publikoaren aldetik harrera oso ona eduki dute. Aste honetan izango da horien artean azkena. Zahartzaroari buruz arituko dira, zientziaren eta filosofiaren ikuspegitik, Antonio Dieguez eta Maria Blasco. ¿Futuro sin envejecimiento ni muerte? Conversacion entre ciencia y filosofia hitzaldia eskainiko dute ostegunean, maiatzaren 23an, 19:00etan. Mahai ingurua ekitaldi aretoan izango da, sarrera librearekin lekuak bete arte. Arantza Etxeberria EHUko Logika eta Zientziaren Filosofiaren Saileko zuzendariak egingo ditu moderatzaile lanak.
“Zahartzea eta zahartzeari lotutako gaitasunen galera saihestearekin hasten da hilezkortasunaren bilaketa” baieztapenean oinarrituko da mahai ingurua. Zientziaren eta filosofiaren arteko elkarrizketa bat izango da, zientziaren eta teknologiaren aldetik zer motatako aurrerapausoak espero ditzakegun ulertzeko. Maria Blascoren eta haren taldearen ikerketak zahartzearen kausak aztertzen ditu, bereziki telomeroen laburtzea, eta horrek gaixotasunarekin duen harremana. Aldiz, trans-humanismoak heriotzarik gabeko etorkizun bati buruz egindako promesak aztertzeaz arduratzen da Antonio Dieguez filosofoa.