Mintzalaguna egitasmoaren 25. urteurrena afari batekin ospatuko du Bagerak
Hogeita bost urte bete ditu aurten Mintzalaguna egitasmoak, eta ospatzeko afari bat antolatu du Bagera elkarteak. Afaria ekainaren 14an izango da, Kresala elkartean, eta afarirako txartelak salgai dira dagoeneko, Bageraren egoitzan (Hernani 15, behea), 20 euroren truke. Afariaren aurretik, 19:00etan ekitaldia egingo dute San Telmo Museoan. “Mintzalaguna sortu zenetik bi mila bostehun mintzalagunetik gora parte hartu dute Donostiako egitasmoan eta horrek ospakizun jaialdi bat merezi du”, adierazi dute Bagera elkartekoek.
Era berean, euskararen ikaskuntza prozesuan Mintzalagunaren garrantzia nabarmendu dute, eta zoriondu nahi izan dituzte parte hartzaile guztiak: “Egitasmo honek aurrera egiteko ezinbestekoa izan da bidelagun zein bidelarien parte hartzea. Batetik, ikasleena euskararen ezagutza maila praktikan jartzen duzuelako, eta bestetik, euskaldunena ikasleen helburuak betetzen laguntzen duzuelako. Zorionak beraz, mintzalagun guztioi!”.
Urtez urte indartu da
IRUTXULOKO HITZAk Mintzalaguna programaren 25. urteurrena jorratu zuen erreportaje batean. Horretarako, Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagarekin eta egitasmoko parte hartzaile Aritz Branton eta Nekane Duranekin hitz egin genuen, luze eta zabal. Donostian sortu zuen Bagera elkarteak Mintzalaguna egitasmoa, 1993ko abenduan. Gurutzeagak oroitu duenez, 12 lagunekin hasi zen egitasmoa, «oso modu xumean». Urtetik urtera programa indartzen joan da eta Euskal Herriko hiri eta herrietara ere zabaldu da. «Mintzalaguna osasuntsu eta sendo» dagoela baieztatu du Gurutzeagak. Iaz, esaterako, 7.500 lagunek hartu zuten parte Euskal Herria osoan, eta 400 inguruk Donostian.