Topoaren obren jarraipenaren aurkako konpromisoa hartzeko eskatu die alderdiei Satorralaiak
2.275 pertsonak izenpeturiko eskaera entregatu diete Satorralaiako kideek Donostiako EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos alderdietako kideei, datorren legealdian topoaren igarobidearen obren jarraipenaren aurkako konpromisoa hartzeko eskatuz.
Topoaren igarobideak donostiarren gehiengoaren kontrako iritzia duela “nabaria” da Satorralaiaren ustez, “behargabekoa” eta “kaltegarria” delako. Topoaren obren aurkako plataformaren arabera, “EAJko eta PSE-EEko buruak” dira topoaren proiektuak “inposaketaren bidetik aurrera jarraitzearen erantzule nagusiak”, eta oposizioko zenbait alderdiren jarrera “etsigarria” dela deritzote. Horregatik guztiagatik, honako konpromiso hauek hartzeko eskatu diete alderdiei:
- Topoaren igarobidearen eraikuntza lanen jarraipenaren aurka aritzea eta Donostiak behar duen garraio publikoko sistemari buruz (hiriko autobusa, Topo-Bus sistema integrala, e.a.) eztabaida eta erabaki prozesu parte-hartzaile bat irekitzeko eskaera sostengatzea.
- Eusko Jaurlaritzak toparen igarobidearen obrarako aurrikusitako inbertsioak Topoaren eta EuskoTrenen eskualdeko loturen hobekuntzara bidera ditzan eskatzea: Hau da, trenbidezko garraio zerbitzuak hobetzeko helburuarekin Herrera eta Irun, nahiz Errekalde eta Zarautz artean beharrezkoa den zatietan burdinbideak bikoiztea eta Pasai Antxon Topoa hirian integratzeko irtenbideak ematea.
- Beren hauteskunde programan sarturiko proiektuek gizartean, ekonomian edota ingurumenean eragin handia dutenean, horien inguruan erabakitzeko herritarren partaidetza prozesu lotesleak abian jartzeko konpromisoa hartzea.