Elbira Zipitriari buruzko 'Muga deitzen da pausoa' pelikula Principera helduko da ostiralean

Ostiralean, maiatzaren 24an, helduko da zinema aretoetara Maider Oleaga zinemagilearen azken filma: Muga deitzen da pausoa. Donostian Principe zinemetan egongo da ikusgai Oleagak EiTBren parte-hartzearekin egindako pelikula. Elbira Zipitria da lanaren protagonista, baina Oleagak ez du ohiko lan biografiko bat egin. Mexikon zazpi urte igaro ostean, Donostiara itzuli zenean ernatu zen proiektuaren lehen hazia, zinemagilea Zipitriarena izandako etxean bizitzen hasi zenean. Frankismo garaian umeei klandestinitatean euskarazko eskolak ematen zizkion emakumearen bizitza jorratu du Oleagak, baina bere bizipenek ardazten dute lana. Filma Gijongo zinema jaialdia egon zen ikusgai, eta Zinemaldia.cat Bartzelonako jaialdian saritua izan da.
IRUTXULOKO HITZAk Maider Oleaga bilbotarrarekin hitz egin du, filmaren nondik norakoak ezagutzeko. Elkarrizketa osoa ostiralean egongo da irakurgai astekarian. Hona hemen aurrerapen bat:
Noiz hasi zinen proiektuarekin? Nola izan da prozesua?
Felmin Calbeton kaleko 26. atariko etxean bizitzen hasi nintzenean nik ez nuen Elbira Zipitria ezagutzen. Eraikinaren kanpoaldean bere oroimenezko plaka bat dago, eta etxearen jabeak bere berri eman zidan. Grazia egin zidan kontuak, Mexikon horrenbeste denbora igaro ostean, hona itzuli eta euskal kulturaren tenplu moduko batera iritsi nintzen. Momentu horretan beste gauza batzuk nituen buruan, eta egun batean Mari Karmen Mitxelena andereñoak Elbirari buruz idatzitako Bidegileak bildumako biografia irakurri nuen. Hori izan zen abiapuntua. Berari buruz gero eta gauza gehiago irakurri, orduan eta gehiago haluzinatzen nuen. Txundituta nengoen.
Momentu jakin batean gauzak gertatzen hasi ziren, proiektuaren bidea zehazten lagundu zidatenak. Prozesu indartsua izan zen, izan ere, Elbirari buruz irakurtzen ari nintzen, bere etxean, baina bera ez zegoen han. Bat-batean, okitu egin nintzen. Elbira Zipitriaren pertsonaia oinarri hartuta, mila gai jorratu daitezke, eta momentu horretan ez nekien nondik jo, ezta zeri heldu ere. Momentu horretan ETBk Jose Antonio Agirreri buruzko dokumental bat [Iragan gunea Berlin] egiteko eskaria egin zidan, eta Berlinera joan nintzen hilabete batzuk hori lantzera. Etxetik ateratzeak mesede egin zidan, eta itzultzean, pelikula lantzeari ekin nion.