94 urteko artista baten marrazki erakusketa estreinatu dute Loiolan
Sei urtetik gorako haurrentzako erakusketa da, eta Europako ipuin tradizionaletako pertsonaiak agertzen dira bere koadroetan. Luis Estrada egileak bisita gidatu eta pertsonalizatuak egingo ditu Loiolako kultur etxean ekainaren 4ra bitarte.
Boligrafoz eta kolorezko lapitzez margotutako 38 karikatura eta ilustraziok osatzen dute erakusketa. Luis Estrada Loiolako bizilagunak bere 94 urteekin eginiko obrak dira, eta Europako ipuin tradizionaletako pertsonaiak erabiliz, haurrentzako umorea eta igarkizunak nahasten dituzte.
Bete dituen urteak ez dira eragozpen izan Estradaren ekoizpen artistiko emankorrarentzat. Marrazleak ehunka ilustrazio egin ditu, baita helduentzakoak ere, eta bere sormena egunez egun lantzen jarraitzen du. Erakusketan berari eginiko elkarrizketak eta grabazioak ere entzun daitezke.
Egilea kultur etxean izango da bisitariei azalpenak eman eta euren galderei erantzuteko. Erakusketa aste honetan estreinatu dute, eta ekainaren 4ra bitarte egongo da ikusgai erakusketa aretoan, doako sarrerarekin. Kultur etxea astelehenetik ostiralera dago zabalik, 16:00etatik 20:30era.