"Aurrera egin nahi dutenentzako hiri itun bat" eskaini du Ernesto Gascok Intxaurrondon
Intxaurrondoko Sagastieder plazan egin du agerraldia gaur goizean Ernesto Gascok, PSE-EEren Donostiako alkategaiak, “auzoak hobetzeko” egiten ari diren apustuaren barruan. Izan ere, Gascoren arabera, “Intxaurrondok gobernu sozialistekin soilik egiten du aurrera: Metroaren geltokia, Sagastiederreko berrantolaketa, Txara eta Lizardiko aldapa, besteak beste”. Hurrengo legealdian alkate baldin bada, Intxaurrondon eta auzo garai guztietan dBizi geltokiak jartzera konprometitu da alkategaia. Horretaz gain, Intxaurrondon, Altzan eta Loiolan, besteak beste, autoak aparkatzeko leku berriak sortzeko duen proiektua ere gogoratu du Gascok.
PSE-EEren alkategaiak azaldu duenez, hiria gobernatzeko hiru era daude: “Izagirreren era, ez zuela ezer egin; Goiarena, hiria kudeatzen duela, baina ez dela jendearekin konprometitzen; eta sozialistona, Odon Elorzaren era, auzoekin konprometituz”. Gascoren aburuz, “nazionalistak (EAJ eta EH Bildu) beraien artean defendatzen dira azkenean”, eta Eneko Goia egungo alkate eta EAJren alkategaiaren aurka jo du 2011an Izagirre nahiago izan zuela PSE-EEren alternatiba baten ordez.
Horregatik guztiagatik, “aurrera egin nahi dutenentzako hiri itun bat” eskaini du igandeko hauteskundeei begira. Izan ere, igandean donostiarrek “ezerezera itzultzeko, Goiaren eredura itzultzeko edo lidergo sozialista bat izateko” aukera dutela nabarmendu du Gascok, eta auzoei esker irabaziko duela adierazi du: “Intxaurrondok eta gainontzeko auzoek garaipena emango digute igandean”.