Bi bloke kontrajarri egongo dira Donostiako Udalean
Gogor eztabaidatu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatutako blokeak eta EAJk eta PSE-EEk osatutakoak, IRUTXULOKO HITZAren mahai-inguruan. PPk, ordea, ez zuen eztabaidetan sartzeko asmorik agertu.
Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen alkategaiak, Mikel Lezama PPren hautagaiak, Reyes Carrere EH Bilduren alkategaiak, Marisol Garmendia PSE-EEren hautagaiak eta Aitziber San Roman EAJren hautagaiak luze eta zabal eztabaidatu zuten asteartean Aquariumean, IRUTXULOKO HITZAren mahai-inguruan.
Etxebizitzaren alokairuan zentratu zen lehen blokea, eta Aranetak “alokairuaren erreferentziazko prezioa” adosteko proposamena egin zuen, horrela “espekulazioarekin bukatzeko”. Gogor kritikatu zituen eztabaidan PSE-EEren eta EAJren politikak: “Ez duzue lau urte hauetan etxebizitzaren prezioa eta espekulazioa kontrolatu”. Ildo beretik jo zuen Carrerek, alokairuen prezioak kontrolatu behar direla eta pisu turistikoak lehen solairuetara mugatzeko ordenantza berreskuratu nahi duela esanez, Aranetak buruarekin oniritzi keinuak egiten zituen bitartean. San Romanek “errealitatea” ez ikustea leporatu zien, izan ere, haren arabera, “ez da posible alokairuaren prezioa finkatzea”.
Lezamaren arabera, “kuadrillak hausten” ari dira, alokairuaren prezioa dela eta. Azaldu zuenez, cohousing etxebizitza eredua sustatzea da PPk legealdi berrirako proposatzen duena, nahiz eta Garmendiak gogoratu zion horrelako ereduak aurrera eramaten ari direla jada Donostian.
Merkataritza eredua izan zen bigarren eztabaidarako gaia, eta lau urte hauetan merkatari handiak txikien aurretik jarri izana leporatu zieten Aranetak eta Carrerek Garmendiari eta San Romani. EH Bilduren aurka egin zuten azken bi hauek, izan ere, Garmendiak koherentzia eza leporatu zion Carrereri, bere alderdiak gobernatzen dituen Oiartzun eta Hernani herrietan merkataritza gune handiak daudelako. San Romanek EH Bildu kritikatu zuen 2015. urtean udalean utzitako egoeragatik. Bestalde, auzoetako eta Erdialdeko merkataritza txikia desberdindu zuen. Haren arabera, auzoetakoa sustatu behar da bizi-kalitatea hobetzen duelako, eta Erdialdekoa turismoarekin lotuz defendatu behar da. Lezama merkataritza gune handiak gaizki daudela esatera mugatu zen, baina ez zuen neurri zehatzik eman.
Auzoen parte-hartzea bermatzeko neurriak emateko eskatu zien Inaxio Esnaola moderatzaileak hirugarren blokean, eta erantzunak zeharo desberdinak izan ziren. Donostiarren hitza entzuteko “eserleku hiritarra eta kontsulta lotesleak” sustatuko dituela esan zuen Aranetak. Lezamak, aldiz, mugikorrerako aplikazio bat sortzea proposatu zuen, hiritarren kexak hortik jasotzeko. Carrerek “bi norabideko politika” egin behar dela nabarmendu zuen, eta hiri hitzarmen berri bat proposatu zuen, “hiri eredua hiritarrekin erabakitzeko”. Legealdi honetan Ekialdeko Barrutia sortu duten moduan, auzoetako barruti gehiago sortzeko proposamena egin zuen Garmendiak. Auzoetako eragile desberdinen arteko harremanak sortzeko Erlauntzak proiektua goraipatu zuen San Romanek, hiritarrek nahi duten guztia ezin dela egin nabarmentzearekin batera: “Ez da posible udalean egotea hiritarrei entzun gabe, baina dena ezin daiteke egin”.
Indarkeria matxista izan zen azken gaia, eta ez zen ia eztabaidarik sortu, teorian behintzat denak ados agertu baitziren. Hezkuntzaren bitartez prebentzioa sustatzeko eta mugimendu feminista entzuteko proposamenak egin zituzten bostek. Gainera, Carrerek, Garmendiak eta Aranetak, Emakumeen Etxea berritzearen alde egin zuten. Ustezko adostasun hori frogatu beharko dute hurrengo lau urteetan.
Urrezko minutua
Hautagai bakoitzak botoa eskatzeko unea iritsi zenean, Aranetak gobernu aurrerakoi bat egoteko berme bakarra direla nabarmendu zuen: “Gobernu sozialista eta aurrerakoi bat egoteko aukera bakarra gara. Boto feminista eta morea gara”. Gobernu aldaketaren beharra azpimarratu zuen Lezamak: “Donostiak dinamismo gehiago eta aldaketa bat behar ditu. Horregatik, Ez da politika, Donostia da“. Carrerek hiri euskaldun eta feminista baten eta ongizatearen aldeko norabide aldaketa baten beharra nabarmendu zuen: “Ongizatea etxebizitza eta lan baldintza duinen aldeko norabide aldaketa da. Beste guztia postala da”.
Garmendiak egonkortasunaren alde egin zuen, eta PSE-EEren lidergoaren beharra dagoela esan zuen: “Sozialistok gobernatu dugunean hiriak aurrera egin du. Ez dugu proiektu zatitzailerik nahi”. Ildo beretik jo zuen San Romanek, eta egonkortasuna lortzeko aukera bakarra direla azpimarratu zuen: “Udalak zituen puntu solteak garatu ditugu gizarte kohesioa sortzeko. Hortik jarraitzeko, EAJ bozkatu behar da”. Telebistako iragarki zahar bat ere parafraseatu zuen: “Bilatu, konparatu eta ezer hoberik aurkitzen baduzu bozkatu zazu”.
Ikusleen galderak
Parte Zaharreko bizilagun batek mikrofonoa hartu, eta turismoa dela eta auzoan bizitzeko dituzten zailtasunak salatu zituen. Ondoren, Portaaviones eta Bretxa guneen etorkizunaren inguruan galdetu zien, Garmendiari eta San Romani. PSE-EEren eta EAJren ordezkariek, ordea, gaia saihestu zuten, proiektuekiko ustezko ezjakintasuna alegatuz. Turismoaren gaiari erantzuteko aprobetxatu zuen Garmendiak, eta berezia izan zen bere argudiaketa: “Estropadetako egunetan egoten da jende gehien Parte Zaharrean, eta kaleak betetzen ditugunak gu gara”.
Loiolako kuartelen eta hango militarren inguruko galdera bota zien gazte batek bostei, eta Carrere argia izan zen, EH Bildu “desmilitarizazioaren alde” dagoela azpimarratuz. Garmendia eta San Roman Espainiako Defentsa Ministerioarekin akordio batera iristearen alde agertu ziren, kuartelak lekualdatu eta bertan etxebizitzak eraikitzeko. Haiekin ados agertu zen Araneta, desmilitarizazioa aipatu gabe. Lezamak, aldiz, ez zuen bere alderdiaren iritzia plazaratu nahi izan, moderatzaileak aukera eman bazion ere.
150 egunetik gora greban daramatzaten Ubik liburutegiko bitartekariak ere han izan ziren, eta bizi duten egoera konpontzeko konpromisoak hartzeko eskatu zieten ordezkariei. Aranetak gogor kritikatu zuen udal gobernua, eta bitartekariei beraien hitzarmena aplikatu behar zaiela esan zuen. Lezama arazoa konpontzeko “adostasun batera” iritsi behar direla esatera mugatu zen. Carrere “lan baldintzak hobetzera” konprometitu zen, EH Bildu gobernura iritsiz gero. Garmendiak eta San Romanek antzeko erantzunak eman zituzten, ardura guztiak udalarenak ez direla esanez, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta kontzesioa duen enpresarekin negoziatu behar delako.