Donostia iraunkorra eta osasuntsua izateko konpromisoa hartu du Reyes Carrerek
Bulebarrean eta Bretxa inguruan herritarrekin elkartu zen atzo, Reyes Carrere EH Bilduko alkategaia. Hiri iraunkor eta osasuntsuaren aldeko konpromisoa azaldu zien donostiarrei. “Ingurumenaz eta ingurune osasuntsu batez goza dezakeen, eta ariketa fisikoa zein kirola egiten duen jendarte batekin. Hori dena ere bizi kalitatea da”, azpimarratu zuen.
Zerrendako beste kide batzuekin eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramailearekin ibili zen kalez kale. “Donostiarrak oso ondo eta ilusio handiz hartzen ari dira gure proposamenak; hain zuzen ere, herritarren bizi- kalitatea hobetzea ardatz dutenak”, esan zuen Carrerek.
Arratsaldean, berriz, Anoetan izan zen Carrere eta kirol alorreko ordezkariekin elkartu zen. Anoeta XXI. mendeko kirol hiri bihurtzeko EH Bilduren proposamena aurkeztu zien. “Anoeta gune moderno bat izango da, diziplina artekoa, osasuna eta sozializazioa bultzatuko ditu eta XXI. mendeko kirolaren beharrei erantzungo die. Euskal Herriko gune erreferentziala. Hiri proiektu bat, motor ekonomiko bat, XXI. mendeko Donostiarentzat”, azaldu zuen.