Gladys del Estal oroitzen jarraituko dute 40 urte eta gero
Ekainaren 3an 40 urte beteko dira Gladys del Estal ekologista Guardia Zibilak tiroz hil zuenetik. Hori dela eta, Gladys Gogoan plataformak programa berezia prestatu du ekainerako. Jarduerak Donostian, Iruñean eta Tutera egingo dituzte, ekainaren 1etik 3ra bitartean. Gaur arkeztu dute prentsaurrekoan 40. urteurreneko programa Gladys Gogoan plataformako kideek, Tabakalerako kafetegian egindako agerraldi batean.
Gazte ekologista hil zutenetik, urtero antolatu du Eguzki talde ekologistak Gladys omentzeko ekitaldi bat. Aurten, Iñaki Alegria Gladysen lagun eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatiko Fakultateko irakasleak azaldu duenez, 40. urteurrenerako propio sortu dute Gladys Gogoan plataforma irekia. Taldean, Gladysekin lotura izan zuten askotariko pertsonak bildu dira: lagunak, ikaskideak, auzokideak eta mugimendu antinuklearreko kideak. Era berean Eguzkik, EHUko Informatika Fakultateak eta Kalapie elkarteak ere bat egin du plataformarekin. “Donostiako taldea koordinazioan dago Nafarroan sortu diren beste bi talderekin, Irueñean eta Tuteran, eta han jarduerak antolatu dituzte baita ere”, azaldu du Alegriak.
Era berean, hiru taldeen artean komunikatu bat idatzi dute Gladysen heriotzaren 40. urteurrenaren harira. “1979ko ekainaren 3ko aldarrikapen horiek indarrean jarraitzen dute. Ebroko urak, Erriberako ortuak ureztatzen dituztenak, ez daude arrisku erradioaktibotik libre, zeren eta, Garoñako zentral nuklearra itxi duten arren, bertako instalazioetan hondakin erradioaktiboetarako ontzi bat eraikitzen ari dira, eta istripu baten arriskua eta ziurgabetasuna hor daude”, irakurri du Alegriak. Bestalde, Bardeetako tiro-eremuak jardunean jarraitzen duela gogorarazi dute.
Etorkizunera begira ere jarri dira Gladys Gogoan plataformako kideak: “Egin dituen akatsak aitortzeko eta konponbidea jartzeko Estatuak duen interes faltak, testigantza faltsuak, epai injustuak eta botere judizialaren eta polizialaren arteko konnibentzia tarteko, Gladysen oroimena mantentzera bultzatzen gaitu. Egindako injustiziaren aitormena eta bere memoriaren erreparazioa nahi ditugu. Gladysi ez diote bizitza itzuli, baina posiblea da aldarrikatu zituen helburuak lortzea”.
Egitaraua
Ekainaren 1etik 3ra luzatuko dira Gladysen omenez antolatutako jarduerak. Lehena ekainaren 1ean egingo duten bizikleta-martxa izango da. 11:00etan abiatuko dira Bulebarretik, eta 7,4 kilometroko martxa egingo dute hiritik zehar. 12:00etan amaituko dute Egiako parkean, eta han, ohiko omenaldia egingo diote Egiako militanteari. Ondoren, 14:30ean herri bazkaria egingo dute, eta txartelak salgai dira dagoeneko Egiako Koxko eta Kata tabernetan, Parte Zaharreko Herrian eta Groseko Pandoran. Baita Hontza liburudendan ere. Menuaren prezioa 15 eurokoa izango da eta menua bi eratakoa izango da. Batetik, arrunta: gula-entsalada, txerri-saiheskia eta euskal pastela. Bestetik, bejetarianoa: entsalada, menestra eta euskal pastela.
Ekainaren 2an martxa bat antolatu dute Bardeetara, eta ondoren, Gladys omenduko dute Tuteran. Donostiatik aterako den autobusean izena emateko gladysgogoan2019@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Azkenik, ekainaren 3an, omenaldia egingo diote EHUko Informatika Fakultatean. 12:00etan izango da, fakultatetko Ada Lovelace aretoan. Lehenik ekitaldiaren aurkezpena egingo dute hainbat pertsonaren artean: Txelo Ruiz EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak, Alexander Mendiburu Informatika Fakultateko dekanoak, Xabier Laka Arte Ederretako irakasleak, Paz Zendoia Gladys del Estalen ikaskide ohiak, eta Isabel Fernandino Gladys del Estalen laguna eta fakultateko kideak. Fakultateko bilera aretoari Gladys del Estal izena jarriko diotela kontatu dute aurkezpenean, eta ekitaldiaren ondoren inauguratuko dute. Han jarriko dute Xabier Lakak Gladysen omenez egindako lan grafiko bat. Gero, aurreskua dantzatuko dute Gladysen omenezko zuhaitzaren eta plaka oroigarriaren aurrean. Ekainaren 3tik 15era bitartean, berriz, Eguzki taldeak Gladysen inguruan egindako erakusketa bat jarriko dute EHUko Informatika Fakultateko sarreran, eta inauguratzeko zizka-mizka bat egingo dute.
Egun berean, ekainaren 3an, 19:00etan Gladys gogoan lelopean ekitaldia egingo dute Koldo Mitxelenan. Hainbat hizlarik mintzaldia egingo dute, hala nola, Txuri Ollo Antropologian doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, Karlos Irujo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antropologia Sozialeko taldeko kideak, eta Rafa Aldai Gladysen laguna eta Gladys Gogoan plataformako kideak. Olatz Beobide aktoreak gidatuko du ekitaldia. Gainera, Koldo Almandoz zinemagilearen Adiorik Gabe, Gladys bideoa proiektatuko dute, eta Imanol Alberdi biolin jotzaileak musika saio bat egingo du.