Hiriko kultur eta turismo proposamenak ezkutatzen duen prekaritatea salatu du Aitzole Aranetak
150 egun baino gehiago greban daramatzaten Tabakalerako Ubik liburutegiko langileei erreferentzia eginez, Donostiako kultur eta turismo eredua “oso polita” dela esan zuen atzo arratsaldean Tabakaleran egindako agerraldian Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen alkategaiak, baina “prekaritatea” ezkutatzen duela. Azaldu zuenez, “Donostiako proiekzio kulturala prekaritatearen gainean” eraikitzen bada ez du balio.
Donostiako Udalak gizarte klausulak ezarri behar dituela nabarmendu zuen Aranetak, “Donostiara datozen enpresak langileen lan baldintza duinak errespetatzera behartzeko”. Greban dauden langileei babesa helarazi zien alkategaiak, eta hautatua izaten bada beraien egoera konpontzera konprometitu zen.