"Donostiako boto bakoitzak Gipuzkoan lehen indarra izatera eramango gaitu"
Juan Karlos Izagirre Bidebietan izan da gaur Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren alkategaiarekin. Bertatik Gipuzkoa osoko herrietan jasotako berotasuna eskertu du, eta gaineratu du igandean bozka bakoitzak izango dela erabakigarria EH Bildu Gipuzkoan lehen indarra izan dadin eta horregatik dei egin die gipuzkoar guzti-guztiei bozka ematera joateko.
Gaur arratsaldean EH Bilduk Donostiako Bulebarrean egin du kanpaina itxiera. “Gipuzkoarren gehiengoaren interesak Gipuzkoako udalerrietan eta Foru Aldundian defendatuko dituen alderdi politiko bakarra gurea da: EH Bildu. Pertsonengan pentsatuz gobernatzen dugun eta gobernatuko dugun pertsonak gara gu”, adierazi du Izagirrek.
Gipuzkoar guztiak botoa ematera deitu ditu: “Gipuzkoan boto bat gehiago duenak izango du gobernatzeko giltza. Beraz, inork ezin du etxean gelditu. Donostiako boto bakoitzak Gipuzkoan lehen indarra izatera eramango gaitu”.
Reyes Carrerek adierazi du herritarrek udal politikaren protagonismoa berreskuratu behar dutela, eta eliteen gainetik eta postaleko hiri turistikoaren gainetik, herritarren indarra, protagonismoa, partehartzea eta inplikazioa behar dituela Donostiak. Gaineratu du EH Bilduren leloak argi adierazten duela: “Zurekin Donostia gara. Eta horixe egin dugu eta egingo dugu. Erakundeen eta herritarren arteko lotura indartu. Donostia, donostiarrekin. Zertarako? Gauzak hobetzeko eta aldatzeko”.