"Egiak eraikitzeko moduak krisi larrian daude, eta jendea helduleku berrien bila dabil"
‘Fake News-ak, ez dira atzo goizekoak’ saiakera liburua argitaratu du Fito Rodriguez EHUko irakasleak. Gezurraren erabileraren inguruko hausnarketa egin du obra labur bezain sakonean.

Egia izeneko auzoa aukeratu duzu elkarrizketarako. Nahita egin duzu?
Egia auzoa benetakoa da, eta atzean daukana ezkutatzen du. Egiak askotan ez digu ikusten uzten zertarako esaten den. Ez zergatik, baizik eta zertarako.
Zer ezkutatzen du auzo honek?
Auzo hau trenbidearen beste aldean dagoena da. Errekaren beste aldean dagoena. Auzo honetan bizi dira gerra galdu zutenak, langile eta arrantzale txiroak. Hain zuzen, Egia kalearen jarraipena Karmengo Amaren kalea da, hemen arrantzale asko bizi zirelako. Hemen, adibidez, abertzaletasunen artean, jeltzaleen aldeko jende gutxi zegoen, baina bazeuden Eusko Ekintzakoak. Nolabait, Egiak segida eman dio horri bere historian zehar. Aurreko hauteskundeetako emaitzak ikusten baditugu, EH Bilduk Zubietan, Igeldon eta Egian irabazi zuen.
Eta zergatik Basarri taberna?
Auzoko giro euskalduneko tabernetako bat da, aspaldikoa. Duela urte batzuk nire kuadrillako hiru lagunek hartu zuten, Joxe Marik, Aitorrek eta Kintxok, eta orain azkenak bakarrik jarraitzen du hor. Horregatik, ni ez naiz ari pintxo bat jaten, ‘kintxo’ bat baizik.
‘Fake News-ak ez dira atzo goizekoak’ dio liburuaren tituluak; zergatik argitaratu orain, orduan?
Aspalditik nenbilen istorio horrekin. Ahozkotasuna ez da soilik bertsolaritza, askoz gehiago da: esamesak, bolo-boloak, zurrumurruak… Eta 80ko hamarkadatik aurrera ahozkotasunari loturiko fenomenoak aztertzen aritu naiz.
Funtsean, informazioa ez da informazioa soilik. Jendeak ez ditu datuak gogoratzen, istorioak baizik. Hortaz, datuak ‘formatu’ egin behar dira; istorio batean kokatu, alegia. Guk sinesten ditugunak istorioak dira, eta informazio bat ematen dugun aldiro, istorio bat saltzen ari gara.
Hau ez da soilik hedabideetan planteatu daitekeen gauza bat: gure mundua ulertzeko egitura oso bat da. Eta egitura hori fikziozkoa da, sorkuntza literario bat delako. Izan ahoz ahozkoa, prentsakoa edo gaur egun sareetan ematen dena.
Istorio horietan, izan zurrumurruak edo ‘fake news’-ak, jendeak mundua ulertzeko moduak bilatzen dituela diozu. Jendeak hori nahi al du? Azalpen bat, faltsua izan arren?
Gizakiari hutsuneak izua sortzen dio: Horror vacui. Heldulekuak behar ditugu gertatzen zaizkigun gauzak ulertu ahal izateko, eta helduleku horiek desberdinak izan dira historian zehar: filosofia, erlijioa… Ilustraziotik aurrera planteatzen dena da helduleku edo ‘egia’ horiek aparatu juridikoak sortzen dituela. Marlaskak esango lukeen modura, egia ebazpen bat da.
Orain, ordea, ideia hori ere kolokan dago. Izan ere, mundializazioak justiziaren monopolioaren erorketa ekarri du, eta baita egia juridikoena ere. Egiak eraikitzeko moduak krisi larrian daude, eta jendea helduleku berrien bila dabil.
Egia gudu-zelai bat dela esan izan duzu: gailentzen diren egiak dira zabaltzen direnak.
Egia boterearen azalpen bat da. Jainkoak, eliza katolikoaren bidez, «ni naiz egia» esaten duenean, botere ekitaldi baten aurrean gaude.
Nik planteatzen dudana da egiaren genealogia bat egin beharko genukeela: Nork zabaldu du hori? Zertarako? Zergatik une horretan?
Nork sortzen ditu ‘fake news’-ak?
Gure garunak berak fake news-ak sortzen ditu. Memoria txarra, ulermen arazoak, nahasmenak… Askotan informazio okerrei eusten diogu, eta hori zabaldu egiten dugu.
Sareko albiste horien atzean nor dagoen? Ez dira pertsonak, makinak baizik, eta albiste horiek guri buruz jasotako informazioa erabiliz sortzen dituzte. Gizon zuri, heterosexual, donostiar eta realzalea bazara, zure araberako istorioak sortuko dizkizute.
Eta nola egin diezaiokegu aurre horri?
Aurre egin baino, eskaintzen digutena aprobetxatu dezakegu. Fake news sortzaile horiek analizatzaile sozialak dira, eta egiten duten lanari esker, gizartea nolakoa den ikusi dezakegu. Datu pila bat ematen dizkigute.
Inork ez du publikoki onartuko pertsona arrazista denik, baina gizarte batean zabaltzen diren albiste faltsuak aztertuta, bertakoek benetan zer pentsatzen duten jakin dezakegu, eta hor eragiteko aukera izango dugu. Horregatik, adierazle edo sintoma izateaz gain, fake news-ak terapiarako bidea ere direla diot.
Sare sozialetan albiste bat zabaltzen dugun aldiro, informazio horri gure sinesgarritasuna ematen diogula azaltzen duzu. Horrek ardura bat eskatzen digu denoi.
Partekatzen duguna informazio pribilegiatua dela kontsideratzen dugu, eta horrekin konprometitzen gara gure ingurukoen aurrean. Horregatik dira hain arriskutsuak Facebook eta Whatsapp, informazioen zabalpena gertukoen artean ematen delako. Zabalpena pertsonen arteko harreman horretan zimendatzen da, eta sartu zaitez gero hori desmuntatzera…
Kazetarion kasuan ardura hori handiagoa da. Hedabideek beste modu batera jokatu izan balute, Angel Berruetak agian bizirik jarraituko lukeela diozu liburuan.
Kazetaritza ez da gertatutakoaren bertsio bat erreproduzitzea, testuinguru bat eskaintzea baizik. Adibide bat jarriko dut. Aurten 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Gladys del Estal erail zuenetik. Garaiko polizien bertsioaren arabera, hil zuten pertsona terrorista venezuelar bat zen.
Gladysen gurasoak Egiakoak ziren, gerra galdu zuten horietakoak. Aita kontzentrazio-esparru frankista batean sartu zuten, eta irten zenean, familiak Venezuelara egin zuen ihes. Alaba han jaio zitzaien, eta urte gutxira, auzora bueltatu ziren. Bueno, ba kontua da polizak zioela Gladys terrorista venezuelar bat zela, aipatu dudan testuinguru hori guztiz alde batera utziz.
Hor sartzen da kazetarien lana. Ez bakoitzari bere iritzia emateko mikrofono bat eskaintzea, baizik eta testu bat bere testuinguruarekin aurkeztea.
Adierazpen kazetaritza oso hedatua dago, ordea.
Foucaultek L’ordre du discours (Diskurtsoaren ordena) izeneko lezioa eskaini zuen agenden existentziari buruz hitz egiteko. Azaldu zuen agendak daudela, hau da, gauza batzuez hitz egin beharra dagoela. Horiek dira boterearen egiak, eta beste gauza batzuez ezin da hitz egin. Hortaz, egiak ordena batzuen arabera eta muga batzuen menpe daude sailkatuta, eta hortik ateratzea lan nekeza da. Beste balizko munduak ezinezkotzat jotzea, hori da botereak bilatzen duena.
HAMABIETAN BERMUTA. Ardo beltza eta atun milorria.
Non. Basarri taberna (Egia).
Prezioa: 3,40 euro.