"Hizkuntza eskubideak bermatzea nahi dugu"
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Bagera euskaltzaleen elkarteko kideek kontatu digute zer eskatu nahi dioten hurrengo alkateari.
Zer eskatuko zeniokete Donostiako alkate berriari?
Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen erabileraren VII. Kale-neurketaren emaitzen arabera azken urteetan (2006tik 2016ra) euskararen erabilerak atzera egin du Donostian (%15a da euskararen erabilera). Baina ezagutza, aldiz, gero eta handiagoa da. Gaur egun Donostian %66 inguru euskara ezagutu eta ulertzeko gai da. Beraz, erabileran salto egiteko aukerak daudela ikusten dugu. Euskaraldia bada horren adibide. Bide onetik goazen arren, oraindik lan handia dugu egiteko euskararen normalizazioa lortzeko.
Zer eskatuko zeniokete Donostiako alkate berriari?
Alde batetik, hizkuntza ofizialen erabilerarako indarrean dagoen araudia betearaztea eskatuko genioke, salbuespenik gabe. Euskararen Legean garbi esaten da herritarrek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, eta administrazioek bermatu behar dietela eskubide hori. Hizkuntza eskubideak herritarrenak dira, eta Administrazioari dagokio eskubide horiek betetzeko neurriak hartzea eta betetzen direla bermatzea. Beraz, berme horretarako neurri zehatzak hartzeko eta aplikatzeko eskatuko genioke.
Bestetik, donostiar guztien euskalduntzea bultzatzea gustatuko litzaiguke. Etorri berrien kasuan, harrera orokorra, harrera linguistikoa, hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko baliabideak jartzea nahiko genuke, norberaren kultura eta hizkuntza aintzat hartuz.