"Gaur egun, niretzat, lagun bat da Elbira"
Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian eman zituen Elbira Zipitriak (Zumaia, 1906) bere bizitzako urte gehienak. Etxe berean eraiki zuen bere habia Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zinemagileak. Elkargune sinboliko horretatik abiatuta 'Muga deitzen da pausoa' filma egin du Oleagak, Zipitriaren bizitza oso modu pertsonalean jasotzeko.
Nor da Elbira Zipitria?
Elbira oso emakume berezia, aparta, misteriotsua eta zaila zen. Gaur egun nire lagun bat da. Oso garai zehatzean bizi izan zen. 1906an jaio zen, Zumaian eta 1982an hil zen. Orduan, XX.mendearen zati handi bat hartu zuen, eta aldaketa asko bizi izan zituen gizarte bat ezagutu zuen. Langile familia batean hezi zen, eta beka bati esker irakasle ikasketak egin zituen. Garai haietan emakumeak etxean zeuden oraindik, eta ikasteko oso aukera gutxi zituzten.
Errepublika garaian irakasle ibili zen, eta emakumeek lehen aldiz botoa emateko eskubidea erabili zuten urtean, bera dagoeneko mitinak ematen zebilen. Esaterako, Donostian 10.000 pertsonaren aurrean egin zuen bat. Abertzale amorratua zen, eta ekintzailea eta militantea izan zen mugimendu askotan, besteak beste, euskararen alde, irakasle gisa.
Gerra hasi zenean erbestera joan behar izan zuen, politikari zebilelako Emakume Abertzaleen Batzan. 1941ean oso ausarta izan zen eta Donostiara itzuli zen. Handik gutxira eskola ireki zuen bere etxean. Klandestinitatean, espazio intimoan, espazio publiko bat egin zuen. Momentu zailak bizi izan zituzten frankismoan, baina Elbirak euskaraz ikasteko eta irakasteko metodologia bat asmatu zuen. Esaterako, Nor-Nori-Nork sistemaren asmatzailea dela esaten dute.
Niretzat Elbira Euskal Herriko intelektual oso garrantzitsu bat da, baita irakaslea, politikaria, idazlea eta ekintzailea ere. Ez da gauza bakar bat, gauza asko da Elbira Zipitria. Emakume gisa ere nabarmentzekoa da. Jende askok aipatzen du bere zakartasuna, baina nik beti pentsatzen dut, egin zuen guztia egiteko, behar zuela horrelakoa izan. Niri alde emozionalean asko eragin zidan jakiteak nola izan ziren bere azken hamar urteak: asko tristatu zen. Triste eta bakardadean hil zen.
‘Muga deitzen da pausoa’ zu eta Elbiraren arteko hitzordu bat da?
Ez dakit zer den. Zoriz aurkitu nintzen etxe horrekin, eta niretzako horrenbeste denbora kanpoan egon ostean, berarekin aurkitzeak esanahi asko dauzka pertsonalki. Pedantekeria bat esango dut: esan zuen Walter Benjaminek aurreko belaunaldiek eta oraingoek hitzordu bat dugula, eta nik hori erabili nuen Jose Antonio Agirreren inguruko dokumentalean [Iragan gunea Berlin] eta Elbirarenean. Ariketa bat egin dut: Elbiraren figura gaur egunera ekarri dut, nire pertsona erabiliz. Filma egiteko prozesua oso pertsonala izan da, baina pelikulan agertzen den Maider pertsonaia bat da. Ni eta nire gorputza bitartekoak dira Elbirarengana iristeko.
Esparru eta mugimendu askorentzat ikono bat izan zitekeen Elbira Zipitria, baina ezer gutxi dakigu berari buruz. Nola da posible?
Pelikula egiten hasteko lehen arrazoia hori izan zen. Badakit Donostian euskaltzaleen artean oso ezaguna dela, baina beste inguru batzuetan ez du inork ezagutzen. Ezin nuen ulertu, nola horrenbeste gauza eginda, ez zen ezaguna. Historian dagokion lekuan kokatu behar dugu Elbira. Hiru liburu daude Elbirari buruz: bat hil ondoren idatzi zuten omenaldi liburu bat, eta beste biak pedagogiaren ingurukoak dira. Berari buruz hitz egiten dutenek nabarmentzen dute ikastolen sorreran izan zuen papera, eta pedagogia aurrerakoiak egin zituela.
Elbira Zipitria da pelikularen erdigunea, baina, era berean, zure bizipenek ardazten dute lana. Ez da ohiko lan biografiko bat.
Niretzat oso garrantzitsua izan zen nola aurkitu nintzen berarekin. Nire etxean aurkitu nintzen berarekin, eta horrek pelikularen norabidea markatu zuen nolabait. Momentu horretan asko zegoen egiteke, baina banekien ez zela ohiko film bat. Niretzat zinemagintza da egin nahi dudana egiteko moduak bilatzen joatea, eta kasu honetan, ez nuen elkarrizketa bidez dokumental historiko bat egiteko aukera ikusten. Zinemagile gisa horrek ez ninduen pizten. Proiektuak ni barruan kokatu nau hasieratik, nire etxean zegoen kontua, eta ni ez nengoen kanpoan, Elbira kanpotik ikusten. Barruan nengoen.
Lehenengo bi edo hiru urteetan ikerketa historikoa egin nuen, Elbira ezagutzeko: euskararen inguruan egindako lana, pedagogian egindakoa, berarekin harremana izan zuten pertsonekin hitz egin nuen, eta abar. Eta denboraldi horrek bete egin ninduen; esperientzia pertsonal bat izan nuen bere bizitzan murgilduta. Orduan, pelikula egiten hasteko unea iritsi zela sentitu nuen.
Berak izandako mugak nabarmendu dituzu izenburuan. Zergatik?
Nortasuna da filmean agertzen den gai nagusietako bat, eta nire bizitzan garrantzia handia izan du ere. Euskal nortasuna eta genero identitatea gurutzatzen dira. Niretzat ispilu moduko bat izan da. Neure burua ikusi dut XX. mendeko emakume batengan. Bizitzan gertatu zitzaizkion gauza asko emakumea zelako izan ziren, eta horregatik aukeratu zituen bide jakin batzuk. Hori horrela izanik, Elbirak muga ugari gainditu zituen. Lehena, gaztea zenean mitinak ematea izan zen. Garai haietan ia ez zegoen emakumerik esparru publikoan horren ikusgai. Pertsonalki oso gogorra zen emakume horientzat muga hori gurutzatzea. Irakaskuntzako ibilbidean ere, euskararen zentsurari aurre egin zion. Etengabe ari zen mugak zeharkatzen.
Era berean, izenburuan nire esperientziaren berri ematen dut. Nik enkoadraketaren muga gainditu dut. Zinemagile gisa ni beti kameraren atzean nago, eta kasu honetan barrura sartu naiz. Nire gorputzarekin film honetan egin dudana, berezia da niretzat. Ez dut orain arte horrelakorik egin. Mugak momentu oro pelikulan presente daude.