"Turismoak kezkatzen gaitu, baina tamainan"
Donostiako alkatea izan da azken lau urteetan, eta datorren igandetik aurrera ere bere bulegoan jarraitzeko asmoa dauka. Eneko Goiak (Donostia, 1971) EAJ-ren hautagai gisa errepikatuko du, eta orain arte eginiko inkestek bere burua irabazletzat jotzen dute. Herritarren kezka nagusiak gertutik jarraitzen ditu alkategaiak, baina alarmismoan ez erortzeko ahalegina egin behar dela uste du.
Zein balorazio egiten duzu lau urte hauetan lorturikoaren inguruan?
Balorazio baikorra egiten dut, lau urte hauetan lan handia egin dugulako. Ziurrenik ez da batek nahiko lukeen guztia lortu, baina proiektu nagusienak aurrera atera ditugu, eta falta direnak bideratuta daude.
Urumean, esaterako, garrantzi handiko lanak egin ditugu, eta Bretxaren eraberritzea edo Altzako kiroldegia ere hor daude. Gainera, Anoetako estadioa, AHTaren geltokia eta Topoaren igarobidea oso aurreratuta utziko ditugu. Termino orokorretan, esango nuke gauza dezente jarri ditugula martxan.
Hobe egin zitekeen zerbait okurritzen zaizu?
Ziurrenik dena dago hobeto egiterik. Hori horrela da, eta gauzak hobeto egiten saiatu behar gara etengabe. Hala ere, gai bat aipatzearren, etxebizitzarena aukeratuko nuke. Legealdi honetan gai izan gara berriro ere babes ofizialeko etxebizitzen promozio bat martxan jartzeko, baina horretan apur bat azkarrago jokatzea bota dut faltan. Babes ofizialeko etxebizitza protagonista nagusietako bat izango da datorren legealdian, bai ala bai, eskaintza hori hiriak dituen ahulgune garrantzitsuenetako bat delako.
Udal gobernuan hainbat desadostasun izan dituzue PSE-EErekin. Nolakoa izan da zuen harremana?
Desberdinak gara eta gauzak ez ditugu berdin ikusten, hori horrela da. Nola ez, desadostasun horiek azaleratu egiten dira une jakin batzuetan. Baina kontuan hartuta bien artean programa bat adostu genuela, eta ildo nagusietan horretara lotu garela, harremana emankorra izan da.
Programako puntuak betetzen saiatu gara eta hori ona izan da. Beste gauza batzuk egon dira, bai, baina niri harremanen kontuak ez zaizkit gehiegi inporta. Niri edukiak inporta zaizkit, eta zentzu horretan ondo joan zaigu.
Prest egongo zinatekete, hortaz, akordio berri bat sinatzeko?
Emaitzei izugarrizko errespetua diet, eta ez dut atsegin aldez aurretiko marrazketak egitea. Herritarrek euren botoaren bidez esango digute zein iritzi daukaten, eta bakoitza bere lekuan jarriko dute. Horren analisia eginda hartuko ditugu erabakiak.
Hori bai, garbi daukadana da, dagoena dagoela, akordioak lortzen saiatu beharko dugula, garrantzitsua delako. Niri badagokit, akordio horiek lortzeko ahalegin handia egingo dut.
Baita beste alderdiekin ere?
Baita besteekin ere, bai.
Zein da lau urte hauetan gehien poztu zaituen lorpena?
Txomineneko proiektua. Legealdia ezer egin gabe joango zitzaigula pentsatzera iritsi ginen zenbait unetan, kontrako epai bat atera zelako eta dena hankaz gora aurkeztu zitzaigulako. Dena bertan behera geratuko zela zirudien, baina negoziazioen bidez horri buelta ematea lortu genuen. Orain, emaitza ikusita, badakit ongi jokatu genuela.
Zeintzuk izango dira legealdi berriko erronka nagusiak?
Esan dudan bezala, etxebizitzaren gaiari heldu behar zaio. Hiri batek Donostiak eskaintzen duen bizitza kalitatea eskaintzen duenean, badira sortzen diren zenbait eragozpen, eta horietako bat etxebizitza lortzeko zailtasuna da.
Presio turistikoak ere eragin zuzena du prezioetan. Horrek arduratzen al zaitu?
Horrek ere kezkatzen gaitu, noski, baina tamainan izan behar du. Ni alarmismoaren aurkakoa naiz, eta iruditzen zait turismoaren gorakadak alde onak dituela: hiri erakargarria garela esan nahi du.
Gustatuko ez litzaidakeena da gure izateko modua turismoaren eraginez aldatzea. Arrisku hori badago, eta horregatik aztertzen ditugu beste hiri batzuetako kasuak, hemen gerta ez dadin. Erabakiak hartu behar direla uste dugu, eta jada hartu ditugu batzuk, pisu turistikoei eta hotel berrien sorrerari dagozkienak, esaterako.
Abuztuaz geroztik, Txantxarreka gaztetxeak harrera gune bat eskaintzen die aterperik ez duten zenbait pertsona migranteri. Gune autogestionatuen lana bat etorri al daiteke erakunde publikoenarekin?
Jada gertatzen den zerbait da. Hiriko hainbat auzo elkarteren lokalak udalarenak dira, eta beraiek kudeatzen dituzte, guk hor eskurik sartu gabe.
Gero badaude beste izaera edo ezaugarri batzuk dituzten mugimenduak. Nik ez dut inor baztertzen, baina denei minimo batzuk eskatu behar dizkiet. Hau da, horrelako gauzak egiten badira, lagapen baten bidez egin behar dira, eta guztiei jartzen dizkiegun baldintza berdinak betetzen. Hori da bidea.
Kanpandegi kaleko eraikinari dagokionez, akordio batera heldu zarete auzotarrekin. Erabakia jokamolde baten aitzindaria izango da?
Izan daiteke, baina gauzak naturaltasunez egin behar direla uste dut. Guk beste proiektu bat daukagu eraikin horretarako eta hori horrela da. Ekipamenduei dagokienez ere, Parte Zaharrean planteamendu garbi bat daukagu. Egia da, ordea, epeek ez dutela bat egiten. Alegia, Kanpandegi kaleko asmoa errealitate bihurtzeak tarte bat hartuko du, eta ekipamendu horiek izateko ere denbora falta zaigu.
Denbora hori igaro bitartean, nik zertarako utzi behar dut hutsik eraikin bat urte batez edo urte eta erdiz, baldin badakit tarte horretan ez naizela gai izango obretan hasteko? Ba norbaitek erabil badezake… Hori bai, modu naturalean eta normalean, lagapen bat hitzartuz eta baldintza minimo batzuk beteaz. Hori da guk planteatu duguna.
Donostia Defendatuz koordinakundea sortu dute hiri-eredua zalantzan jartzen duten hainbat eragilek. Haien kezkak ulertzen dituzu?
Bai. Denok daukagu ulertzeko ahalmena, baina gauza askorekin ez nator bat. Ez zait gustatzen orokortzen hitz egitea, baina puntu askotan beldurrak jokatzen du, eta askotan, horrelako mugimenduak oso ezkorrak izaten dira, gauzak aldatzearen kontrakoak. Nik uste dut hori ez dela zuzena. Hiri batek aldatu beharra dauka, beti. Geldirik geratuz gero, ez zara gelditzen, atzera zoaz, mundua aldatu egiten delako.
Nik beste ikuspegi batzuk dauzkat. Plataforma horretan gai askori buruz hitz egiten dutenak daude baina, oro har, kezkak ulertu ditzakedan arren, euren posizioak ez ditut partekatzen.
Loiolako kuartela lekualdatu eta Gobernu Zibila kultur etxe bilakatzeko proposamenak hor daude. Zein aukera ikusten dituzu?
Ez da gauza erraza, baina, une honetan, proposamen hauek aurrera ateratzeko aukera gehiago daude. Egoera ez da hain txarra, alegia, Madrilgo gobernuak babesak beharko dituelako. Horrek aukera ematen du gaiak mahai gainean jartzeko, eta nik badaukat itxaropena horiek aurrera ateratzeko.
Azkenaldian, hirigintza proiektu handiak garatu dira Donostian: Topoaren igarobidea, erraustegia, Anoetako estadioa… Proiektu horiei dagokienez, hiritarren parte hartzeak lekua izan duela uste duzu?
Entzun ditugu. Topoaren eta erraustegiaren kasuan, aurkako mugimendu nabarmenak egon dira. Nik beti pentsatu dut bi proiektuak hiriaren gainetik daudela. Topoak ez dauka udal izaera bat, eta zerbitzua nori eskaintzen dion ikustea besterik ez dago hori jakiteko.
Gainera, hiriaren barruan oso iritzi desberdinak daude lekuaren arabera. Altza, Intxaurrondo edo Loiolan aldeko jarrera gehiago ikusten ditut, eta Erdialdean, berriz, gutxiago. Zergatik? Ba bakoitzak bere interesetik epaitzen duelako. Baina guri interes orokorrari begiratzea dagokigu, eta hori ez da hain erraza izaten.
Erraustegiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Gipuzkoa mailako azpiegitura bat da, baina, banan-banan herri bakoitzari galdetzen badiozu ea erraustegia berean nahi duen, ziurrenik denek ezetz esango dizute. Parte hartzearen ikuspegitik, halako proiektuek zailtasun hori daukate.
225 proposamen egin dituzue auzoetarako. Guztiak betetzeko gai zaretela pentsatzen duzu?
Saiatuko gara. Batzuk beste batzuk baino konplexuagoak dira, baina denak dira garrantzitsuak.
Joan den legealdian auzoen arteko desoreka bat egon da? Eta, hala bada, zeinekin zaudete ‘zorretan’?
Ez bereziki, eta benetan esaten dizut. Agian, Zubietako batzarrari beste zerbait eskaintzea faltatu zaigu. Ikaragarri kostatu zaigu eta ez dugu lortu.
Orokorrean, legealdiko inbertsio altuenak Urumearen ibarrean egin dira, eta hori bazen zorretan genuen leku bat, zalantzarik gabe. Udalak zuen inbertitzeko gaitasuna ekialdera joan da.
Aurreko hauteskundeek eta inkestek emaitza onak eman dizkiote EAJri. Zer espero duzu iganderako?
Inkestak inkestak dira, eta pasa diren hauteskundeak beste mota batekoak dira. Igandean hemen epaituko dena udaletxea da. Badaude baikor izateko arrazoiak, baina 26ra arte ez dugu jakingo jendeak zer bozkatu duen.