Amaierara arte borrokatu duen arren, Gipuzkoa Basket bigarren mailara jaitsi da
(Argazkia: Gipuzkoa Basket) Miraria lortzetik gertu egon dira, baina ez da posible izan. Zaleek gertutik bultzatu duten arren, Gipuzkoa Basketek ezin izan du Real Madril garaitu [76-95], eta madrildarrak sailkapeneko lider modura utzi dituen neurketak bigarren mailara jaitsi ditu donostiarrak.
Gipuzkoa Basketek gogotsu hasi du neurketa, aurkariari pultsua tarte batez eutsiz, lehengo laurdena hiru puntuko aldearekin amaitzeko [21-24]. Pixkanaka, ordea, Real Madrilen nagusitasuna nabarmenagoa egin da, eta partida euren kontrolpean garatu da hortik aurrera. Ezustekoen faltan, markagailua 76-95 zegoela iritsi da partidaren amaiera.
Gauzak horrela, donostiarrek LEB ligan jokatuko dute datorren urtean, saskibaloiaren maila gorenera ahal bezain laster bueltatzeko helburuarekin.


