EAJk irabazi du Donostiako Udalean
Alderdi jeltzaleak irabazi ditu berriz udal hauteskundeak Donostian. Eneko Goiaren alderdiak 10 zinegotzi izango ditu, aurreko agintaldian baino bat gehiago. EH Bildu da bigarren indarra 6 zinegotzirekin. PSE-EEk bi galdu ditu, eta 5 izango ditu. Elkarrekin Podemosek eta PPk hiruna zinegotzi izango dituzte.
EAJk irabazi ditu berriz udal hauteskundeak Donostian. Eneko Goiaren alderdiak 10 zinegotzi izango ditu, eta lehen indarra izango da Donostiako Udalean. Aurreko agintaldian baino zinegotzi bat gehiago lortuta, jasotako emaitzarekin pozik agertu da Eneko Goia alkatea. 34.115 boto lortu dituzte Donostian: “Emaitza bikaina lortu dugu Donostian, eta horrek niretzat irakurketa bikoitza dauka. Batetik, poztasunarena, noski, jendeak konfiantza eskaini digulako; eta bigarrena, ardurarena. Bihartik aurrera lanean jarraitzea tokatuko zaigu hiri honen alde, eta hori egingo dugu hamar zinegotzirekin”.
EH Bilduk indar berberarekin jarraituko du, sei zinegotzirekin. Hain zuzen, koalizioak 20.517 boza jaso ditu Donostian, aurreko udal hauteskundeetan baino 50 gehiago.
PSE-EEk, berriz jipoia jaso du hirian. Ernesto Gascoren zerrendak bi ordezkari galdu ditu joan den legealdiarekin alderatuta, eta hemendik aurrera bost zinegotzi izango ditu udalbatzan. Pedro Sanchezek Espainiako gorteetarako hauteskundeetan izandako gorakadak ez du eraginik izan Gipuzkoako hiriburuan, eta Gascoren alderdiak 7.000 boto galdu ditu.
Borja Senper Alderdi Popularraren alkategaiak lehengo ordezkaritzari eutsi dio: hiru zinegotzi izango ditu berriz. Joan den hilabeteko hauteskundeetako datuak kontuan hartuta, ez da albiste txarra popularrentzat. Izan ere, alderdi eskuindarrak beherakada nabarmena jasan zuen maiatzean. Hala ere, badirudi Senperren kanpainak bere efektua izan duela boto emaile eskuindarrengan, popularren hondamendia saihestuz.
Elkarrekin Podemosena da udalbatzan ordezkaritza izango duen laugarren zerrenda. Aitzole Aranetaren alderdia hiru zinegotzirekin helduko da udaletxera, 2015ean Irabazi Donostiak lorturiko babesak 2.538 bozetan gaindituz.
Parte hartze datuei dagokienez, abstentzio maila %33,83koa izan da Donostian, 2015ean baino puntu eta erdi altuagoa. Boto zuriei eta baliogabeei dagokienez, berriz, 802 (%0,83) eta 569 (%0,59) zenbatu dira, hurrenez hurren.