Zer eskatuko zenioke Donostiako alkate berriari?
Udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Bakoitzak bere esparrutik aztertu du hiriaren egoera.
Maitane Arnoso
SOS Arrazakeriako kidea
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Udalak jarrera arrazisten kontrako oso diskurtso positiboa duela deritzot. Funtsezkoa da hori, udalak eta gizarte mugimenduek aniztasunaren alde egiten duten lana lagundu eta legitimatzen duelako. Baina ikuspegi kritikoago batetik, uste dut gizarte eta aniztasun politikek ez dutela udal gobernuan izan beharko luketen lehentasuna. Horrek, gizarte lanak egiten dituzten arloetan giza baliabide urriak egotea eragiten du, eta, beraz, laguntzeko duten ahalmena mugatua izatea.
Halaber, udalak kudeatutako pisuak, aterpetxe plazak eta horrelako baliabideak ere urriak direla uste dut, ez baitaude beharrak asetzeko nahikoak.
Bi faktore horiekin batera (baliabide material urriak eta giza baliabide urriak), kalean dauden pertsonei, gazteei, bereziki, laguntzeko udal bitartekariak falta dira.
Nola ikusten duzu etorkinen egoera Donostian?
Hauteskundeen eta etorkinen arteko binomioan pentsatzean, azken horien bazterketa politikoa da gakoetako bat. Estatuko hauteskundeak ez bezala, non, parte-hartzea Espainiako herritartasuna duten herritarrei mugatuta dagoen, udal hauteskundeak aukera bat dira atzerritarrek parte hartze politiko handiagoa izateko. Hala ere, parte-hartze hori elkarrekikotasun hitzarmenekin baldintzatuta egoteak oztopo bat izaten jarraitzen du gizalegezko gizarteak eta hiri erabat parte-hartzaileak eraikitzeko.
Bestalde, alderdiak atzerritarrei zuzentzen hasi beharko lirateke. Horrek konpromiso handiagoa ekarri beharko luke etorkinen eskubideak askoz ere presenteago izango lituzketen udalerrien eraikuntzan. Horrekin batera, inklusio estetikotik at, ordezkari politiko atzerritarrak zerrendetan egotea beraiei ahotsa emateko aukera bat izango litzateke.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Udal gobernuak eskumena duen arloetan, Donostia anitzago baten aldeko politika publikoek presenteago egon behar dute. Horrek esan nahi du atzerritarren presentzia normalizatzeko eta auzo anitzak sortzeko espazioak ireki behar direla. Eta, noski, bertako eta atzerriko hiritarrei laguntza eskaintzeagatik bereizi behar da Donostia.
Xabier San Martin
La Oreja de Van Gogh taldeko musikaria
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Orokorrean ona izan dela iruditzen zait. Ez dut sakonean aztertu, baina nire sentsazioa ona da. Oposizioko alderdiek ziur kexak izango dituztela, baina niri, oro har, udal gobernuak egin duen kudeaketa eraginkorra iruditu zait, karranka handirik gabekoa. Hau da, donostiar erako kudeaketa bat izan dela uste dut, onerako eta txarrerako: soiltasunera jo duen kudeaketa bat, kulturari begira eta modernoa. Nik nota altua jarriko nioke udalaren kudeaketari.
Nola ikusten duzu Donostia?
Zer esango dugu donostiarrok? Nik uste dut gure hiriarekin maiteminduta gaudela, arrazoiarekin, eta ez garela objektiboak.
Hiriaren tamaina kontuan hartuta, izugarrizko kultur eskaintza dugula iruditzen zait. Ezin gara hiriburu handiekin alderatu, baina hain txikiak izateko kultur eskaintza oso indartsu eta kosmopolita dugu.
Mota guztietako pertsonekin elkarbizitzera ohituta gaude donostiarrak, eta kanpora asko begiratzen duen hiri bat garela uste dut.Eragin frantsesarengatik izango da, agian. Zorionez, chauvinismoaren eta gaizki ulertutako nazionalismotik urrun dagoen hiri bat garela pentsatzen dut.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Ildo beretik jarraitzeko eskatuko nioke, gure xarma esplotatzen dakien ildo horretatik, baina foku turistiko batean bihurtu gabe. Hau da, pisu turistikoekin kontuz ibiltzea, beste hiri batzuetan gertatu dena ez gertatzeko. Oro har, hiria eder jartzeko eskatuko nuke, eta baita turismo ona sustatzen jarraitzeko ere, hiria gaizki saldu gabe.
Nola ikusten duzu hiriko kulturaren eta musikaren egoera?
Gu, La Oreja de Van Gogh talde gisa, oso pozik gaude Donostiarekin. Uste dut musika eskaintza oso heterogeneoa duela hiriak. Jazzaldia aipatu behar da, baina, horretaz gain, mota guztietako eskaintza dago: gurearen moduko pop mainstream-a, Aste Nagusiko kontzertuak, eta kontzertuak egiten dituzten beste hainbat leku. Nire anaia Paulek, esaterako, ez dio jotzeari uzten.
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Hitz gutxitan esango nuke, nire iritziz ez direla nahikoa landu edo ukitu azken denboraldian Donostian izan diren gai garrantzitsuak, etxebizitza eta turistifikazio masiboaren kontrola, garrantzitsuenak aipatzearren.
Denbora (eta diru) gehiegi eskaini zaio Donostia donostiarrak ez direnentzat erakargarria bihurtzeari. Esaterako, horrenbeste argi, noria eta kartel erraldoi, eta bitartean, donostiar gazteoi hemen bizitzeko aukera kentzen ari zatzaizkigu. Ez diot inongo zentzurik aurkitzen.
Nola ikusten duzu Donostia?
Non begiratzen jakiten badugu, nik Donostia gazte, aldarrikatzaile eta aktibo bat ikusten dut. Azken urte gutxietan Donostian mugimendu feministak eman duen gorakada benetan pozgarria zait; erraustegiaren, metroaren eta turismo masiboaren aurka egin diren manifestaldi eta ekimenei buruz zer esanik ez.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Ba, hain zuzen, aurrez aipatu ditudan gaien lanketa handiago eta errealago bat. Kontua ez dadila soilik hitzetan gelditu. Era berean, eremu desberdinetan berdintasun politikak ezartzea ezinbestekoa dela ikusten dut. Ikuspegi feminista batekin landu behar dira, bai lan eremua, baita eremu soziala ere, eta, noski, kirolaren arloa. Larunbatean Realeko emakumeen garaipena zoragarria izan zen, baina ez dadila ahaztu garaipen horren atzean dauden soldata eta lan-baldintzen desberdinkeriak.
Nola ikusten duzu hiriko kulturaren eta antzerkigintzaren egoera?
Antzerkigintzaren inguruan esango nuke badagoela aukera. Agian, ez horrenbeste euskaraz, baina egon badago. Hala ere, ez nuke esango antzerkiaren kontsumoa zabala denik, ez dakit zergatik, baina ez gaude ohituak, adibidez, arratsalde batean antzerki bat ikustera joaten. Beraz, astekari hau irakurtzen ari dena Donostiako agenda hartzera eta antzerkia ikustera joatera animatu nahi dut. Esaterako, laster gazteen antzerki topaketak hasiko dira!
Kulturari dagokionez, argi dago beherakada bat eman dela euskarazko kulturaren kontsumoan. Egia da konpromiso pertsonal kontua dela, baina erakundeek ere paper garrantzitsu bat jokatzen dute, eta oztopoak jarri baino gehiago, euskal kultura bultzatu beharko lukete.
Gorka Hoyos
Kalapie hiriko txirrindularien elkarteko kidea
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Proiektu handiak egin nahi izan dituen legealdia izan da. 2016 Europako Kultur Hiriburutza gisa hasi zen, eta horrek, urte eta erdi eraman zuen. Handi etorri zen eta txiki joan zen 2016. Behin 2016 igarota, Anoetako futbol zelaiaren berrikuntza, turismorako egoitzak eta metroaren proiektuetara zuzendu dira esfortzu asko. Ondorio orokor gisa, gauza handi askotarako bai, baina txikiak baztertuak izan direlako sentsazioa izan dut.
Nola ikusten duzu Donostia?
Aukeraz beteriko hiria ikusten dut Donostia. Biztanle kopuruak eta hiri tamainak aukera asko ematen dizkigu arlo desberdinetako proiektuak aurrera eramateko, hirigintza, kultur edota hezkuntza eremuetan, besteak beste. Jende asko dabil proiektu txiki eta ertainak aurrera eraman nahian, auzoetan eta taldean lan egiten. Horiek babesteko eta bultzatzeko bideak finkatu eta sendotu beharko lirateke.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Francesco Tonucci-ren Haurren Hiria liburua irakurtzeko eskatu nahiko nioke, bereganatu dezan zein den haur batek hiriaren inguruan duen ikuspegia. Haur bat hirian libre eta eroso sentitzen bada, hiria ondo dagoelako seinale da. Honekin batera, alkate bat biztanleriaren eredu eta adibide izatea gustatuko litzaidake. Beraz, mugikortasun arlotik behintzat, egunero udaletxera oinez edo bizikletaz joatea eskatuko nioke.
Nola ikusten duzue hiriko mugikortasuna eta txirrindularien egoera?
Ba aldatze prozesu motel batean dagoela oraindik. Estatuko beste hiriburu batzuekin konparatuta, mugikortasun arlotik, atzean gelditu gara. Eraldaketa handia eta sakona behar du hiriak, pauso handi bat eman behar dugu, eta behingoz, ibilgailu pribatuaren erabilera debekatzeko; espazio publikoak oinezkoei eta txirrindulariei bueltatu behar zaizkie. Alde tekniko eta ekonomikotik eraldaketa sakon hori egin daiteke, baina aurrera eramateko, politikoki erabakiak hartzeko ausardiaren faltan gabiltzala uste dut.
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideak
Zer eskatuko zeniokete Donostiako alkate berriari?
Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen erabileraren VII. Kale-neurketaren emaitzen arabera azken urteetan (2006tik 2016ra) euskararen erabilerak atzera egin du Donostian (%15a da euskararen erabilera). Baina ezagutza, aldiz, gero eta handiagoa da. Gaur egun Donostian %66 inguru euskara ezagutu eta ulertzeko gai da. Beraz, erabileran salto egiteko aukerak daudela ikusten dugu. Euskaraldia bada horren adibide. Bide onetik goazen arren, oraindik lan handia dugu egiteko euskararen normalizazioa lortzeko.
Zer eskatuko zeniokete Donostiako alkate berriari?
Alde batetik, hizkuntza ofizialen erabilerarako indarrean dagoen araudia betearaztea eskatuko genioke, salbuespenik gabe. Euskararen Legean garbi esaten da herritarrek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, eta administrazioek bermatu behar dietela eskubide hori. Hizkuntza eskubideak herritarrenak dira, eta Administrazioari dagokio eskubide horiek betetzeko neurriak hartzea eta betetzen direla bermatzea. Beraz, berme horretarako neurri zehatzak hartzeko eta aplikatzeko eskatuko genioke.
Bestetik, donostiar guztien euskalduntzea bultzatzea gustatuko litzaiguke. Etorri berrien kasuan, harrera orokorra, harrera linguistikoa, hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko baliabideak jartzea nahiko genuke, norberaren kultura eta hizkuntza aintzat hartuz.
Enrique Cifuentes
Fortuna Kirol Elkarteko presidentea
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legegintzaldia?
Aurreko legegintzaldiekin gertatu bezala, azkenak ere ez du suposatu inongo aldaketarik aurreko urteekiko.
Nola ikusten duzu Donostia kirol esparruan?
Kirol kultura handia dago hirian, baina egiturekin arazo bat dago. Garai batean kirol egitura asko egin ziren, eta horrek baliatu zuen kirol kultura zabaltzea hirian, baina egitura horietan ez dira beharrezko inbertsio eta eguneraketak egin. Ez dira arau berrietara egokitzen, eta gainera, arazoak sortzen dira horien erabileran. Adibide nagusiak Belodromoa eta Atano III frontoia dira. Bestalde, kirol talde askok zailtasunak dituzte euren jarduerak aurrera ateratzeko, leku falta dela eta.
Zer eskatuko zenioke Donostiako alkate berriari?
Esan bezala, kirol kultura handia eta egitasmo asko ditugu hirian. Donostia kirolean erreferente izan daiteke: Kirolaren Hiria. Beste hiri batzuetan kirolari begira apustu garbia egiten da eta babes handia ematen zaie kirol proiektuei. Iruditzen zaigu, hemen, askotan, ekintzaileak bakarrik uzten gaituztela. Kontuan hartu behar da, gainera, ekintzaile asko, gu bezala, irabazi asmo gabeko elkarteak direla.