Marta Cardonak akordio berria sinatu du Realarekin
Amaitu berri den denboraldi bikainaren ostean, bere jokalarien jarraipenaren aldeko apustua finkatzeari ekin dio Realak. Nahikari Garciaren berritze akordioarekin batera, klubak taldeko beste pieza garrantzitsu baten luzapena sinatu du asteburuan: Marta Cardonarena.
Hegaleko jokalariaren kontratua amaitzear zegoen, baina bi alderdiek akordioa luzatzearen aldekoak zirenez, zaragozarrak beste urtebetez jarraituko du Zubietan. Klubak taldearen jarraipenaren eta hazkundearen alde egiten ari den apustuak konbentzitu du duela adierazi du Cardonak kontratu berria sinatu ostean.
Erdilariak Zaragozan hasi zuen bere ibilbidea, eta taldean lau urtez jokatu ondoren, 2017an Levantek fitxatu zuen. Hurrengo denboraldian Realera iritsi zen, eta egindako lanari esker, 23 urteko jokalariak bere leku propioa egin du Gonzalo Arconadaren hamaikakoan.