'Poltsa bete kantu' ekitaldiak emakume presoek bizi duten zigor bikoiztua salatuko du
Ekainaren 13an, larunbatean, ‘Poltsa bete kantu’ musika ekitaldia egingo du Sarek Doka antzokian. Egitasmoaren helburua da emakume presoek espetxeetan bizi duten zigor bikoiztua auzitan jartzea. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta punta puntako hainbat musikarik parte hartuko dute: Koban taldeak, McOnak taldeko Irati Irizarrek, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko Koldo Soretek, Eraul taldeko Asier Beramendik, Iker Laurobak, Leire Letuk, Urbil Artolak, eta Liher taldeko Lide Hernandok eta Joshka Natkek.
Sarrerak Parte Zaharreko Herria tabernan, Groseko Marruma elkartean eta Antiguako Trikuharri tabernan eros daitezke, 5 euroren truke. Internet bidez ere eros daitezke.
Hainbat datu
Euskal emakume presoek emakume izate hutsagatik pairatzen dituzten zapalkuntza anitzak salatu nahi ditu Sarek ekainaren 13ko ekitaldian; honela azaltzen dute emakume presoen egoera: “Emakumea izatea bizitza arruntean berez zaila bada ere, are gehiago gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean, eta muturreko egoera batean; espetxean. Mundu arrotz, ezezagun batean sartzen zara. Etsai giroan bizitzera behartuta. Emakumea zara. Bigarren mailako izaki, hemen ere bai”.
Hona hemen Sarek zabaldutako euskal emakume presoen inguruko hainbat datu:
- 39 euskal emakume preso zeuden 2018ko urtarrilean: 12 frantziar estatuko kartzeletan, 26 espainiar estatuko presondegietan eta bat amentzako tutoretzapeko pisuetan. Hau da, %100 Euskal Herritik urrun zeuden.
- Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %13 emakumea da. Espainiar estatukopreso guztien %7 soilik dira emakumeak. Estatu frantsesean %3.
- Batez beste 680 kilometroko distantziara betetzen dute ezarritako kondena.
- 12 emakume (emakume presoen %33) bakar bakarrik daude, beste kiderik gabe eta beste hamar kide bakarrarekin.