Ekainaren 15ean izendatuko dute Donostiako alkate berria
Igandeko emaitzak ikusita eta ezusteko handirik ez badago, Eneko Goia EAJren alkategaia eta egungo alkatea izango da aginte makila jasoko duena, eta beste lau urtez izango da alkate. Alderdi jeltzaleak rabazi zituen joan den igandeko udal hauteskundeak, 34.065 boto eta 10 zinegotzi eskuratuta.
Hiru aste eskas barru, ekainaren 15ean, izendatuko dute Donostiako alkate berria, eta egun berean osatuko dute datozen lau urteetarako udalbatza. Igandeko emaitzak ikusita eta ezusteko handirik ez badago, Eneko Goia EAJren alkategaia eta egungo alkatea izango da aginte makila jasoko duena, eta beste lau urtez izango da alkate. Ikusteko dago gainontzeko taldeek babesa emango dioten, eta nola osatuko duten udal gobernua.
EAJk irabazi zituen joan den igandeko udal hauteskundeak, 34.065 boto eta 10 zinegotzi eskuratuta, 2015eko hauteskundeetan baino 5.000 boto eta zinegotzi bat gehiago. EH Bildu izan zen bigarren indarra, aurreko hauteskundeetako boto antzekoak eta zinegotzi kopuru berdina lortuz: 20.367 boto eta 6 zinegotzi. PSE-EEk beherakada nabarmena izan zuen igandean, 16.851 boto eta 5 zinegotzi eskuratuz, 2015ean baino ia 7.000 boto eta bi zinegotzi gutxiago. PPk eta Elkarrekin Podemosek hiruna eserleku lortu zituzten udalean, 10.340 eta 9.476 botorekin, hurrenez hurren. Popularrek 1.000 boto gehiago lortu dituzte aurtengo hauteskundeetan, zuten zinegotzi kopurua mantenduz, eta Irabazik baino 2.500 boto gehiago lortu ditu Elkarrekin Podemos koalizioak, zinegotzi bat gehiago ere lortuz.