Elbira Zipitria ekarriko dute gogora
Gaur 113 urte bete dira Elbira Zipitria Irastorza jaio zenetik, eta bere ibilbidea omentzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte egunotan. Bihar, maiatzaren 29an, 19:00etan San Jeronimo kaleko Liburutegian Zipitriari buruz solasaldia antolatu du Bagera Elkarteak. Han izango dira Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa filmaren egilea) eta Elbirarekin hezi ziren bi andereño (Kontxita Beitia eta Mari Carmen Mitxelena).
Euskararen berreskuratze prozesuan pertsona garrantzitsua izan zen Elbira Zipitria, eta haren historia islatu nahi izan du Oleagak zinemetan estreinatu berri den Muga deitzen da pausoa pelikulan. IRUTXULOKO HITZAn Oleagaren eskutik filmearen nondik norakoak jaso genituen.
Era berean, joan den larunbatean bere etxea zenaren ataritik kalejira bat egin zuten, andereñoarekin zerikusia duten lekuetatik. Ibilbidera herritar ugari batu ziren, eta txistulariek eta Kantu Jirako kideekin batera, Zipitriak bere eskoletan abesten zituen kantu ugari abestu zituzten Parte Zaharreko kaleetan. Gainera, Alaia Martin bertsolariak bertsoak kantatu zituen ibilbideko leku esanguratsuenetan.