Igeldoko zerbitzuaren maiztasuna areagotuko du Dbusek
Aurten ere, ekainaren 1etik aurrera jarriko dute abian. Egun beretik aurrera, Urgullera igotzeko mikrobus zerbitzua ere jarriko dute.
Dbusek aldaketak egingo ditu Igeldoko 16. linean. Ekainaren 1etik aurrera zerbitzua maiztasun handiagoarekin emango dute, ohiko erabiltzaileen eta turista zein bisitarien garraioa errazteko. Iaz bezala, irailaren 30era bitarte iraungo du zerbitzu bereziak.
Zerbitzuaren maiztasuna 10:05etik 21:05era handituko da, eta 20 minutukoa izango da denbora tarte horretan. Udako ordutegiak, berriz, ekainaren 23tik aurrera jarriko dituzte abian. Abuztuaren 31ra arte, 16. lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:00etan eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.
Bestalde, ekainaren ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango du gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7 Igeldo Gautxoriarekin. 1:00etan eta 2:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino.
Urgulleko mikrobusa
Ekainaren 1ean ere Urgull mendira igotzeko mikrobus zerbitzua abian jarriko du Dbusek, 39 Urgull linearekin. Ekainaren 22ra bitarte, zerbitzuak larunbatetan eta igandeetan emango dira, baina ekainaren 23an zerbitzuak egunero ematen hasiko dira. 30 minuturo izango dira goizeko 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik eta 20:00etara.
Urgullerako zerbitzuaz gain, mikrobus honek Bretxa eta Pasealeku Berriko aparkalekuen arteko garraio publikoko konexioa dakar. Uztailean eta abuztuan ere egunero emango da zerbitzu hau, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioa dela eta. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, estropadetan izan ezik.