IV. Lagunduck lasterketa solidarioa egingo dute larunbatean
Gomazko 10.000 ahatek parte hartuko dute larunbatean IV. LagunDuck lasterketa solidarioan. Accion Marianista Para El Desarrollo Gobernuz Kanpoko Erakundea da antolatzailea. Mundaiz eta Maria Kristina zubien artean izango da lasterketa solidarioa, 19:00etan. Ahate bat adoptatzen dutenek Brasilgo favela baten haur zein nerabeentzako hezkuntza proiektu bat babestuko dute.
Arratsaldetik aurrera hasiko da antolatu duten festa, Urumea ibaiaren inguruan. 16:00etatik aurrera hainbat jarduera egingo dituzte Maria Kristina zubian. Berrikuntza gisara, 0 eta 9 urte bitarteko haurrentzako LagunKross lasterketa solidarioa egingo dute. LagunDuck webgune ofizialean eman behar da izena.
Haurrentzako puzgarriak, jolasak eta zozketak egongo dira, eta 17:00etatik aurrera zuzeneko musika eskainiko du Hodwy taldeak. 18:15ean, berriz, Urrezko LagunDuck saria banatuko du antolakuntzak. Zaporeak proiektuari emango diote errefuxiatuekin eta Mozambiken egindako lanarengatik.
Ahate lasterketa, 19:00etan hasiko da. Mundaiz zubitik abiatuko dira gomazko ahateak Urumea ibaiko korrontearekin Maria Kristina zubiraino. Helmugara iristen diren ahateek sariak izango dituzte, eta horien berri webgunean emango dute.