Agnes Vardari buruzko bi liburu aurkeztuko dituzte
Imma Merino historialari, kritikari eta irakasle katalanak Agnes Vardari buruz idatzitako bi liburu argitaratu dira, eta gaur, maiatzaren 29an, aurkeztuko ditu Tabakaleran.
Joan den martxoaren 29an 90 urte zituela zendu zen Agnes Varda zinemagile frantziarra, eta berari buruzko bi liburu argitaratu berri dira. Bi liburuak, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak argitaratuak, Imma Merino historialari, kritikari eta irakasle katalanak idatzi ditu, eta gaur, maiatzaren 29an, aurkeztuko ditu Tabakaleran. 19:00etan, Tabakalerako Zinema Aretoan, Imma Merinok solasaldia eskainiko du bi argitalpenoi buruz, eta zinemagile frantsesari buruz.
Agnes Varda: Espigadora de realidades y de ensueños Coleccion Nosferatuko 15. zenbakia da, eta gaztelaniaz idatzita dago; errealizadoreari buruzko saiakera bat eta harekin egindako elkarrizketa bat biltzen ditu, azken hori joan den azaroan Pariseko Rue Daguerreko bere etxean egindakoa. Bigarren liburua, berriz, Agnes Varda: Errealitateen eta ameskerien buruxkari da, Nosferatu Bilduman 7. zenbakia. Imma Merinoren liburuko lehen zatiaren euskarazko itzulpena da, Aritz Gorrotxategik egindakoa.
Agnes Vardari buruzko zikloa
Bi liburuak Tabakaleran Agnes Vardari buruz egindako zikloaren bidelagun izan dira. Zikloa iazko azaroan hasi zen, eta orain arte, ia bere filmografia osoa proiektatu dute.
Ekainaren 12an, 20:00etan, Tabakalerako Zinema Aretoan, zikloko saio berezi bat egingo dute. Vardak zuzendutako azken filma proiektatuko dute: Vardapar Agnes (2019). Azken Berlingo Zinemaldian aurkeztutako pelikula da, eta Espainian A Contracorrientek banatuko du. Emanaldi berezi horretara, zikloko harpidedun guztiak daude gonbidatuta, eta edukiera bete arte salduko dira publikoarentzako sarrerak.
Ekainaren 19an, 20:00etan ere eta Tabakalerako Zinema Aretoan, Vardapar Agnesen bigarren emanaldi bat izango da.