Altzako Historia Mintegiak herriko etxea berritzea proposatu du
Altzako alkateordetzaren eraikina berritzeko proposamena aurkeztu dio Ekialdeko Barrutiari Altzako Historia Mintegiak, Estibaus atariak jakitera eman duenez. “Altzako udaletxea babestutako eraikina da (D babes maila), baina eraikin publiko gisa bete behar duen funtzioari erantzuteko ez dago prestatuta”, adierazi dute. Era berean, eraikineko altzariak berritzea eskatu dute.
Historia Mintegiak azpimarratu duenez, altzatarren herriko etxea eraiki zen eraikina, arlo politikoan zein administratiboan zerbitzua emateko. “Kontzeju etxea izan zen, udaletxe Altza udalerri izan zenean, eta Altza-Buenavistako alkateordetza Donostiara anexionatu zenean”. Horrela, eraikinak azken hamarkadetan funtzio desberdinak bete ditu eta betetzen ari da: “Udal zerbitzuak behe-solairuan (UdalInfo, udaltzaingoa), ekitaldi ofizialak eta sinbolikoak solairu nagusian (Sanmartzialetan, hainbat elkarte eta ordezkarien bilerak egiteko, …), eta etxebizitza teilatu azpiko solairuan”.
Barrutia abian jarrita, Harrobieta plazan espazio berriak sortu dira administrazio zerbitzuak eskaintzeko. “Ondorioz, pentsa daiteke UdalInfo eta udaltzaingoa lokal berrietan hobeto bete dezaketela bere funtzioa. Goiko solairuko etxebizitza, bestalde, ez luke zentzurik mantentzea. Erabilpen horiek kenduta, libre geratuko diren espazioak eta orain dagoen bilera areto nagusia birmoldatu beharko lirateke altzatarren biltokia eta barrutiko batzarraren egoitza izateko”, azaldu dute
Bestalde, eraikineko altzari historikoen egoera “penagarria” dela ohartarazi dute. “Orain dela 20 urte, Herripe auzo elkarteak Altzako udaletxeko altzari historikoak bere kasa berreskuratzeko lanari ekin zion, baina diru faltagatik amaitu gabe geratu zen. Berreskuratutako altzariak une honetan udaletxean daude, baina berritu gabe geratu zirenak, garai hartan zeukaten egoera penagarri berean daude oraindik Herrerako Auzotegian. Premiazkoa da haien eraberritzea eta udaletxera eramatea”.