Iratzearen sendotasun hauskorra edo Elbira Zipitria, nor zara?
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘MUGA DEITZEN DA PAUSOA’
Zuzendaria: Maider Oleaga
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
Idazten ari naizen egun honetan, maiatzaren 28an, orain 113 urte jaio zen Elbira Zipitria Irastorza, Donostiako ikastolen aurrendari izandakoa. Askorentzat ezezaguna den norbait da Elbira, baina Maider Oleaga zinemagile bilbotarrak sortu duen filmarekin, ezezagutzaren itzaletatik argitara atera du andereño donostiarra. Muga deitzen da pausoa itxura anitzeko film bat da, eta nahiz eta dokumentalaren formatik abiatu, argi dago hasiera hasieratik zehaztugabeko sorkuntza baten aurrean gaudela, Oleagak berak ez fikzioaren eta fikzioaren mugak uneoro gainditzen baititu. Beraz, Victor Erice eta Jose Luis Guerin zuzendarien ibilbide bertsutik dabilela hauteman daiteke (Jose Maria de Orberen Aita filma ere burura etorri zait askotan).
Fermin Calbeton kalean kokatutako Zipitriaren etxean bizitakoa izan da Oleaga, eta bere historian gehiago murgiltzean film bat egiteko beharra sentitu zuen duela urte batzuk. Haren presentzia nolabait gogora ekartzea izan da filmaren helburuetariko bat, eta horretarako etxea (etxe barnea, kobazuloa) izan da zuzendariak erabili duen paisaia. Horrela, ez dugu inoiz etxea utziko, hormen artean igarotzen dugu denbora Iraren (hori zen Zipitriak erabilitako ezizena, iratzearen txikigarri) hitzak agertzen joaten diren bitartean. Hitza, euskal hitza, gailendu zen bere hezteko metodologia berriztatzailean, eta, horiek filmean zehar agertzen joaten dira, Iraren hausnarketak nabarmenduz.
Bestalde, irudiek ere gogora ekartzen dute Zipitriaren presentzia eta zinemak duen indar iradokitzaileaz baliatuz, hormak (larruazala) argazkiz betetzen dira, eta iraganaren deiadarra jasotzen dute hutsuneek. Han, leihotik hurbil, baserri baten aurrealdea agertzen da, hemen, haurrak eskolatik jasotzen ikusten dugu Zipitria bera argazki eder batean, baina denak lehenaldiko mamuak bezala. Irudiek gorpuzten dute hutsunearen oroimena.
Badira super-8an filmatutako irudiak, errepikatzen direnak batzuk, eta Urgull mendiko irteera batean Zipitria bere ikasleekin erakusten dutenak besteak. Jatorrizko irudiak direnez, lehenaldi batera eramaten gaituzte, etxetiarrak ziren irudi pribatuekin. Gure familian horrelako irudiak izan ditugunok Oleagak ematen dien zentzua ulertu dezakegu, eta horregatik ez da harritzekoa zuzendariak Zipitriaren etxearen lehenaldia berpizteko super-8an filmatzea etxeko txoko desberdinak (Ivan Zuluetaren zinema banpirikoaren oihartzunak gogora ekarri dizkit).
Esan bezala, andereñoak etxe hartan utzitako arrastoa guregana ekartzea du helburu Oleagak, eta horretarako bere gorputzaren haragikoitasunaz baliatzen da ere; batzuetan ispiluen isla erakutsiz, bestetan gorputzaren silueta beiratutako ate baten atzean agertuz, eto ilea garbitu eta orraztuz (lamien modura?). Oleagak Zipitriarekin lortu nahi duen sinbiosia Muga deitzen da pausoaren lehen zatiko bukaeran ikusiko dugu, zuzendariak bere ilean Zipitriak zerabilen mototsa darabilenean, adibidez (beste oihartzun bat, oraingoan Hitchcocken Vertigo, mamuen beste film bat).
Filmaren bigarren zatian Oleagaren presentzia desagertuz joango da, eta etxean zegoen guztiaz husten joango da. Hala ere, Elbira Zipitriak hor darrai. Eta orain etxera sartzen direnak frankismoan izan zituen ikasleak izango dira, jada heldu egin direnak, oroitzapenak ekartzen dituztenak. Ohiko dokumentaletan egingo zena, elkarrizketa zuzena kameraren aurrean, Oleagak saihesten du eta garaiko ikasleak libreki uzten ditu etxetik paseatzen, han-hemenka Zipitriarekin jasotako eskolak eta bitxikeriak gogoratzen.
Bukaeran, andereñoaren azken urteak bere urratsak jarraitu zituztenen ahotik ezagutuko ditugu, nola bakardadea eta tristura kide mingotsak bihurtu zitzaizkion. Muga deitzen da pausoa Elbira Zipitriaren sekulako lana ez ahazteko film eder eta aberatsa da, modu pertsonalean bideratutakoa. Bizitza bati buruzko hurbilketa batean egon beharko litzatekeen gauzarik onena du baita ere: begirunea.