Joseba Zalduak kontratua berritu du Realarekin
2020ko udan bukatzen zitzaion Realarekin zuen kontratua Joseba Zaldua atzelari donostiarrari, eta hiru urtez luzatu du klubarekin zuen kontratua, 2023. urterarte, hain zuzen. Berritzearekin pozik agertu da jokalaria: “Niretzat ametsa da. Donostiarra izanik ez dago zure bihotzeko klubean jokatzea bezalakorik. 13 urtekin sartu nintzen Realean eta hemen egotea handia da”. Mundo Deportivo egunkariaren arabera, 50 milioi euroko klausula izango du Zalduaren kontratu berriak.
Bestalde, datorren denboraldira begira, hainbat baja konfirmatu ditu klubak. Izan ere, Sandra Ramajok, Chini Pizarrok, Paola Soldevilak, Bea Beltranek eta Oihana Aldaik ez dute Realean jarraituko. Izan duten “dedikazio eta profesionaltasunagatik” eskerrak eman dizkie Realak, eta “historia txuri-urdinaren urrezko orrialdeen parte” direla nabarmendu du.