Larunbatean hasiko da hondartza denboraldia
Olanak, eguzkitakoak eta itzalkinak ekainaren 15an jarriko dituzte. Aurten, berritasun moduan, hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko dituzte hondartzetan.
Eguraldi ona lagun, hondartza denboraldi ofiziala hasiko da larunbatean, eta abian jarriko dira hainbat zerbitzu. Besteak beste, sorospen zerbitzua. Ekainaren lehen hamabostaldian eta irailaren azken hamabostaldian honako ordutegia izango du sorospen zerbitzuak: 10:30etik 19:30era. Denboraldiko gainerako egunetan, ekainaren 15etik irailaren 15era, 10:00etatik 20:00etara luzatuko da sorosleen ordutegia. Aurten, BPXport enpresa arduratuko da hondartzak zaintzeaz, lehiaketa publikoa irabazi ondoren. Gurutze Gorria ez zen aurkeztu.
22 sorosle arduratuko dira Donostiako hondartzetako zaintza beharrez: 7, Kontxan; 6, Ondarretan eta Uhartean; 9, Zurriolan. Horrez gain, hondartzako koordinatzaile bat, hiru ontziko patroi eta koordinatzaile orokor bat izango dira. Guztira, 29 langile.
Ekainaren 15etik abuztuaren 31ra izango da Kontxako bainu lagundua, 11:00etatik 19:30era. Gainera, berrikuntza modura, irailaren lehen hiru asteburuetan ere izango da zerbitzu hau.
Hondartzetako aldagela kolektiboak ere udako ordutegira egokituko dira; ekainean eta irailean, 09:00etatik 20:00etara, eta, uztailean eta abuztuan, 09:00etatik 20:30era.
Gainera, hondartza garbiketa indartu egingo dute. Zerbitzu hori egunero ematen du udalak, baina sendotu egiten da hondartza denboraldi ofiziala hasteaz batera. Hala, Miguel Angel Diez hiri zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, hiru hondartzak gauez galbahetuko dituzte, eta goizeko hamarrak baino lehen amaitu beharko dute beti, erabiltzaileei hondartza erabilera eta gozamena ahalik eta gutxien oztopatzeko.
Ordu horretatik aurrera, eskuz garbituko dute, paperontziak hustuko eta sarbideak nahiz Kontxa hondartzako arkupea erratzarekin garbitu. Gabarroiak ere garbituko dituzte, eta flotagarriak ontzi batez bilduko dituzte, 18:00ak arte zerbitzuari eutsita. Guztira, 22 langile aritzen dira, egunero, hondartzak egoera onean iraunarazten.
Aurten, hamar gune jarriko dira hondartza bakoitzean, hondakinak gaika biltzeko. Berritasun moduan, edukiontzi bat izango da hondakin organikoak jasotzeko.
Olanak, euzkitakoak eta itzalkinak ekainaren 15etik irailaren 15era egongo dira eskuragarri.Oraindik badira adjudikatu gabeko olanak eta karpak. Uztailaren 31n amaituko da zozketan lortu ez zituzten interesdunei zuzenean saltzeko epea.
Hiruna gabarroi dituzte Kontxako eta Ondarretako hondartzek, eta Olatu Talka jaialdia igaro ondoren jarriko dira. Horiei, suzirietarako plataforma gehituko zaie, gabarroi gisa erabiltzen baitute.