Donostialdeko Maizterren Sindikatua sortuko dute alokairuari loturiko gehiegikeriei aurre egiteko
Alokairuaren arloan borrokatzeko tresna eraginkor bat edukitzeko helburuarekin, zenbait hiritarrek Donostiako Maizterren Sindikatua sortzeko saiakera egin nahi dute. Sare sozialetan zabalduriko ohar baten bidez, ostegunean 19:00etan Bilbo plazan agerraldi masiboa egitera deitu dituzte herritarrak, bi aste barru egingo duten sorrera ekitaldiaren berri emateko. Hain zuzen, ekainaren 15ean, sindikatua sortzeko bilera irekia egingo dute Egiako Txoko Internazionalistan, 11:00etatik 13:00etara.
Jarraian, Donostialdeko Maizterren Sindikatuaren sorreran parte hartzeko herritarrei zabaldutako oharra:
Etxebizitzarena Donostialdean dagoen arazo sozial nagusietakoa da. Azken urteetan, bereziki alokairuaren merkatuan eragina izan duten jardueren ondorioz, orokortu, areagotu eta larriagotu egin da arazoa. Ez gara ari norberak bere etxebizitza lortzeko duen arazo pertsonalaz; espekulazioak eta honen konplize diren gobernariek kolektiboki ukatzen digute herritarron etxebizitza eskubidearen zati handi bat.
Milaka gara etxebizitza duin bat eskuratu ezinean gabiltzanak, kaleratuak izateko arrisku etengabean bizi garenak, alokairua ordaindu ahal izateko bizitzaren aspektu ugari baldintzatuta ditugunak eta gure ingurune sozialetik deserrotzea eta kanporatzea pairatzen dugunak. Ez da maiatzeko udal hauteskundeetan konponduko den zerbait. Hauek pasako dira eta arazoak bertan iraungo du, udal ordezkaritzetatik haratago botere handia pilatuta duten indarrak daude-eta hirigune honetan.
Donostian azken hilabeteetan zuzenean ezagutu dugu beste hiri batzuetako maizterren sindikatuen esperientzia, hitzaldien bidez, besteak beste. Gure hirian alokairuaren arloan borrokarako tresna eraginkorra izan daitekeelakoan, Donostialdeko Maizterren Sindikatua sortzeko saiakera egitera nahi ditugu bizilagunak.