Gladys del Estalen memoria jaso dute iruditan
Gladys Gogoan plataforma sortu dute militante ekologistaren gertuko pertsonek, bere heriotzaren 40. urteurrenean omenaldi berezi bat egiteko asmoz. Izen bereko hiru talde osatu dira Euskal Herrian: bat Donostian, beste bat Tuteran, eta hirugarrena Iruñean. Hirurek lankidetzan eta beste eragile batzuekin batera, programa oparoa prestatu dute datozen egunetarako.
Jarduerak Donostian, Iruñean eta Tuteran egingo dituzte, ekainaren 1etik 3ra bitartean. Halaber, hiru taldeen artean komunikatu bat idatzi dute Gladysen heriotzaren 40. urteurrenaren harira. «1979ko ekainaren 3ko aldarrikapen horiek indarrean jarraitzen dute. Ebroko urak, Erriberako ortuak ureztatzen dituztenak, ez daude arrisku erradioaktibotik libre, zeren eta, Garoñako zentral nuklearra itxi duten arren, bertako instalazioetan hondakin erradioaktiboetarako ontzi bat eraikitzen ari dira, eta istripu baten arriskua eta ziurgabetasuna hor daude», adierazi dute komunikatuan.
Erakusketa
Programako jardueretako bat da EHUko Informatika Fakultateko harreran ekainaren 3an inauguratuko duten erakusketa. Del Estalen inguruko informazioa eta argazkiak bildu dituzte Eguzki talde ekologistako kideek, eta paneletan antolatu dituzte. Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 15era arte.
IRUTXULOKO HITZAk irudi galeria bat osatu du, bere artxiboko irudiekin eta erakusketa osatzen duten argazkietako batzuekin. Horietako bat da del Estalen informatika ikasketen promozioko orla, inoiz inon argitaratu gabekoa.
Gainera, ostiraleko astekarian luze eta zabal jorratu dugu Gladys del Estalen heriotzaren 40. urteurrenerako sortu den Gladys Gogoan plataformaren lana.