40 urte eguzkiaren alaba gabe
1979ko ekainaren 3an hil zuen Guardia Zibilak tiroz Gladys del Estal, eta ordutik, urtero egin dute gaztea oroitzeko omenaldia bere auzoan, Egian. Aurten, 40 urte bete dira gertakari horretatik, eta Gladys Gogoan plataformak programa berezia prestatu du. Jarduerak Donostian, Iruñean eta Tuteran egingo dituzte.
Duela 40 urte Jose Martinez Salas guardia zibilaren tiro batek bizitza kendu zionetik, urtero oroitu eta omendu dute herritarrek Gladys del Estal militante ekologista. 1979ko egun hartan Tuteran bildu ziren milaka herritar, Energia Nuklearraren Kontrako Nazioarteko Ekintza Eguneko mobilizazioetan parte hartzeko. Berak antolatutako autobus batean iritsi zen del Estal nafar herrira, beste hainbat lagun eta auzotarrekin. Tutera izan zen mobilizazioen erdigunea, handik gertu zegoen Arguedasko Soto de Bergara izeneko eremuan zentral nuklear bat eraikitzea aurreikusten zuen energia plana martxan zegoelako.
Jai giroan igaro zuten egunaren lehen zatia, poliziaren kontrolak ugariak izan arren. Bazkalostean, jende ugari zegoen bilduta jai gunean, lasai, polizia gunean sartu zen arte, modu indiskriminatuan kargatuz. Poliziaren jarrera salatzeko hainbat pertsona Ebro ibaiaren gaineko zubian eseri ziren, eta Guardia Zibila haien aurka oldartu zen. Une horretan Martinez Salasek tiro egin zuen, eta del Estal hil egin zuen. 23 urte zituen.
Gladys Gogoan plataforma
Del Estal borroka ekologisten sinbolo bilakatu da, eta bere oroimena bizirik mantentzeko ahalegina egin dute bere lagun eta militantzia kideek, eta urtero antolatu du Eguzki talde ekologistak omenaldia, herritarron artean Gladys Enea izenez ezagutzen den Egiako Kristina Enea parkean. Aurten, baina, 40. urteurrenerako propio sortu dute Gladys Gogoan plataforma irekia. Taldean, del Estalekin lotura izan zuten askotariko pertsonak bildu dira: lagunak, ikaskideak, auzokideak eta mugimendu antinuklearreko kideak. Era berean, Eguzkik, EHUko Informatika Fakultateak eta Kalapie elkarteak ere bat egin dute plataformarekin.
Gladys Gogoan taldeko kidea da Sabino Ormazabal, ‘Gladysekin Grupo Ecologico de Egia’-n ibilitakoa. Barre artean oroitu dituzte Gladys Gogoan taldeko kideek mugimenduaren lehen urteak: «Ekologismoari buruz gutxi genekien; pentsa, taldeari ekologiko izena jarri genion ekologista beharrean!». Nabarmendu du del Estalen oroimena bizirik mantentzea oso garrantzitsua dela. Horretarako herritarrek egin duten lana azpimarratu du: «Hil eta ondorengo omenaldietan herriko jendeak jarri genuen bere omenezko plaka Gladys Enean. Jarri eta segituan lehergailu bat jarri zuten han, baina berriz ezarri genuen, eta gaur egun han jarraitzen du».
Iritzi berekoa da Martin Anso Eguzkiko kidea: «Gladys gogoratzen dugu gutako bat izan zelako, baina batez ere gogoratzen dugu zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere indarrean daudelako». «Gladys gogoratzen dugunean, ez gara iraganari begiratzen ari, orainari eta batez ere etorkizunari baizik», gaineratu du. Arantza Ozio Eguzkiko kidea da Ansorekin batera, eta azaldu du taldearen urteroko helburua dela del Estalen omenaldia mantentzea. Berak ere garai hartako aldarrikapenen egunerokotasuna nabarmendu du: «Gladys bizirik egongo balitz, antolatzen ditugun gauzetan parte hartuko luke ziur».
Era berean, Ansoren ustez «lotsagarria» da 40 urte eta gero del Estalek «behar bezalako aitortza ofizialik» ez izatea. Ormazabalen iritziz, erakundeen aldetik «ez da egin behar den guztia egin». Hala ere, onartu du badaudela errekonozimendu keinuak. Esaterako, Tuteran kale batek bere izena du, eta Donostian, Egiako parkearen alboan pasabide bati ere Gladys del Estal izena jarri diote.
Atzera begira jarri da Alegria, eta oroitu du nola del Estal hil eta denbora gutxira, hainbat erakunde publikok aho batez egin zuten del Estalen biktima aitortza. Horren seinale da hurrengo orrialdean ikus daitekeen dokumentua. 1979ko ekainaren 5eko udalbatzarrean Herri Batasunako zinegotziek auziaren inguruko mozioa aurkeztu zuten, eta talde guztiek onartu egin zuten. EAJko Jesus Maria Alkain zen orduan hiriko alkatea. «Mozioa ikustekoa da, eta azpimarratzekoa da artikuluetako bat, esaten duena Guardia Zibila eta Polizia Nazionala ez direla ongi etorriak hirian», azaldu du Ormazabalek.
Eusko Legebiltzarrak 1978 eta 1999 artean EAEn poliziaren gehiegikeriek utzitako biktimen konponketarako eta aitortzarako legea onartu zuen 2016an, eta Ormazabalek del Estalen aitortzaren bidean aukera bat ikusten du: «Ziur aski udaren ondoren martxan jarriko den legearekin, familiak eskatzen badu, polizia gehiegikerien biktima gisa onartuko da Gladys».
Egiako alaba
Del Estal Venezuelan jaio zen 1956 urtean, eta bere gurasoak —Enrique del Estal eta Eugeni Ferreño— euskaldunak ziren. Aita Meabe batailoian borrokatu zen Espainiako Gerran, eta gerraondoan Caracas hiri venezuelarrean errefuxiatu zen familia osoa. Del Estal umea zela Euskal Herrira itzuli ziren, Egia auzora, eta Presentacion de Maria Ikastetxean ikasi zuen. Ondoren, Administrazioa eta Informatika ikasi zituen.
Han ezagutu zuen del Estal Iñaki Alegriak, bere ikasturte berdinekoa ez izan arren; gainera, IBM enpresan lan egiten zuten biek: «Ez geneukan fakultaterik, enpresa ikasketak egiten zituzten eraikinean egiten genituen eskolak arratsaldean, eta irakasleak enpresetako langileak ziren, ez irakasleak». Mugimendu antinuklearreko kidea zen Alegria, eta fakultatean baino gehiago, militatzen topo egin zuen del Estalekin. «Ekainaren 2an Donostian bizikleta martxa batean batera egon ginen, eta Tuterara ere joan nintzen ni. Hala ere, Guardia Zibila agertu zenean nik alde egin nuen korrika». 1978an amaitu zituen del Estalek informatika ikasketak, eta Alegriak azaldu duenez, Kimikako lehen maila ikasten ari zen hil zutenean. «Hala ere, ingurumenarekiko kezka oso handia zeukanez biologia ikasteko grina zuen». «Gladysek esaten zuen hiltzean txori batean edo lore batean bihurtu nahi zuela», oroitu du Ormazabalek.
Ingurumenarekiko zuen lilura auzoko gazteenei transmititzeko del Estalen konpromisoari buruz mintzatu da Karlos Trenor abokatua. «11 edo 12 urteko gazteek osatutako taldetxo batean zebilen, Egiako Maria Reina eskolan, eta haiekin ekologia, ingurumena eta naturaren lanketa egiten zuen». Auzoan zehar asko ibiltzen zirela gogoratu du, baita Egiako parkean ere. «Horietako bi umek, orain helduak direnak, aurtengo omenaldietan parte hartuko dute, oso oroitzapen ona dute», azaldu du Trenorrek.
Hilketaren epaiketa prestatzeko Donostian eta Iruñean komisio ikertzaileak osatu ziren, eta Trenorrek Donostiakoan parte hartu zuen. Epaiketa prestatzeaz gain, komisioek Tuteran «benetan gertatu zena» ikertzeko helburua zuten. Trenor Egiako herri mugimenduan buru-belarri ibilitakoa da, eta horrela ezagutu zuen del Estal: «Ni ez nintzen komite antinuklearretako partaidea, baina laguntza eskaintzen nien, adibidez, gure lokala uzten genien». Gogoratu du Ametzagaña kaleko 17, 19 eta 20 atarietako etxabeetan ‘Aula de cultura’ izeneko lokala zegoela, eta han auzotarrentzat jarduerak antolatzen zituzten. Gaur egun, Irutxuloko Hitzaren erredakzioa dago etxabe horietan, baita Egia kolektiboko abokatuen egoitza, Joxemi Zumalabe fundazioaren bulegoa, eta Egia Bizirik auzo elkartearen lokala ere. «Gune horretan, hitzaldiak egiten genituen, eta horietako batzuetan hizlari aritu zen Gladys».
Del Estalen konpromisoa eta inplikazioa azpimarratu dute Gladys Gogoan plataformako kide askok. «Prest egoten zen beti edozertarako», esan du Trenorrek. Hil baino bost urte lehenago, helduak alfabetatzeko eskolak antolatu zituzten auzoan, baita eskola-graduatua ateratzeko eskolak ere. Maria Reina eskolan bi gela utzi zizkietela azaldu du Trenorrek, eta han jarri zuten martxan helduen gau eskola. Emakume langiletzat dute del Estal ingurukoek, eta bere militantzia kide Arantza Etxebesteren arabera, «oso zorrotza» zen bere buruarekin, baita gainerakoekin ere. «Pentsa, 22 urterekin lana egiten zuen, ikasi egiten zuen, helduentzat alfabetatzeko eskolak ematen zituen modu militantean, mugimendu antinuklearrean zebilen, baita umeen taldean ere», laburbildu du Alegriak.
Etxebestek ere mugimendu antinuklearrean ezagutu zuen del Estal, eta kontatu du oso emakume jantzia zela. «Asko irakurtzen zuen, jakin-min handia zuelako. Bere iritziek oinarri sendoa zuten, eta berari esker asko zabaldu ziren gure artean printzipio teorikoak». Era berean, del Estalen «umore beltza eta ironia» oroitu dute Trenorrek eta Etxebestek barre artean. «Eskuzabala zen, baina ez zen batere puntuala», aitortu du Etxebestek. Triste gogoratu du nola berari egokitu zitzaion gurasoekin Tuterara joatea, del Estalen hilotzaren bila: «Oso gogorra izan zen, baina herriaren erantzuna, izugarria».
Auzoaren erantzuna
Hil eta ondorengo egunetako mobilizazioak gogoratu dituzte Gladys Gogoan plataformako kideek. «Izugarria izan zen; hil eta hurrengo egunean mobilizazioak egin ziren, gehienbat Nafarroan, eta ekainaren 5ean greba orokorra egin zen Euskal Herrian».
Hasieran Tuterako hilerriko gorputegira eraman zuten gorpua. Del Estalen kideek beilatu zuten gaztea, gurasoak iritsi arte. Egian jendetza bildu zen del Estali azken agurra emateko. Hunkituta oroitu dute kideek une hori. Halaber, poliziaren indarkeria azpimarratu dute, izan ere, heriotzaren osteko egunetan egin ziren mobilizazioetan askotan oldartu zen polizia herritarren aurka. «Hiletaren egunean ere kargatu egin zuten», gogoratu du Etxebestek. Egiako frantziskotarren elizan egin zuten hileta, eta ondoren, Polloe hilerrira eraman zuten hilkutxa, ikurrina batekin estalita. «Gladysen gorpua zekarren autoa Egiara iritsi zenean, auzoa poliziaz josita zegoen, eta auzotarrek asanblada bat egin genuen, zer egin erabakitzeko», azaldu du Ormazabalek. Gorpua auzora sartu ahal izateko kale guztiak ixtea erabaki zuten, eta horretarako barrikadak eraiki zituzten. «Argazki bat dago, Egia kalean gora del Estalen gorpua igotzen ari direnekoa, Nafarroako matrikula duen auto batean. Aurrean, bere aita agertzen da leihotik ukabila ateratzen. Une horretan polizia kargatzen ari zen».
Egiako auzotarrek larrua utzi zuten 1979ko egun hartan del Estali azken agurra duintasunez emateko, eta atsedenik gabe lana egin dute bere oroimena ez galtzeko. Horrela izango da ere aurten, hil eta lau hamarkada eta gero. Herriak mantenduko du bizirik Gladys del Estal.