Argi gailendu da Eneko Goiaren EAJ Donostian
Eneko Goiaren gaua izan zen igandekoa, 2015eko udal hauteskundeetan lortutako emaitzak nabarmen hobetu baitzituen. Ernesto Gasco izan zen, aldiz, gaueko galtzaile nagusia, 7.000 boto inguru galduz.
Aurreko egunetako inkestek iragarritako joera bete zen igandeko udal hauteskundeetan. Eneko Goiaren EAJren gorakada izango zuela zioen EITBren azken inkestak, hamaika zinegotzi izango zituela ere esanez. Hamar lortu ditu azkenean, zituenak baino bat gehiago, eta 34.000 bototik gora, 2015eko hauteskundeetan baino 5.000 gehiago. Jeltzaleek inoiz lortu dituzten emaitza onenak dira. Ezusteko handirik ez badago, ekainaren 15ean izendatuko dute Goia alkate.
EH Bildu da orain Donostiako bigarren indarra, baina ez du boto kopurua igo, aurreko hauteskundeetako emaitza berdintsua lortu baitu: 20.367 boto eta sei zinegotzi.
PSE-EE izan zen gaueko galtzaile nagusia, zazpi zinegotzirekin bigarren indarra izatetik, bost zinegotzirekin hirugarrena izatera pasatuz. Boz kopuruan jipoia jaso zuen Ernesto Gascoren hautagaitzak, 7.000 boto inguru galdu baitzituen. Bereziki aipagarria da Gascoren alderdiak historikoki indar handia izan duen auzoetan izan zuen boto galera. Altzan baino ez zuen irabazi, eta 2015ean baino 1.000 boto gutxiago lortu zituen. Intxaurrondon eta Amara Berrin ere indar handia izan du beti PSE-EEk, eta 1.000 boto inguru galdu zituen auzo horietako bakoitzean.
Alderdi Popularraren erronka Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izandako beherakada nabarmena gelditzea zen, eta Donostiako Udalean zituen hiru zinegotziak mantentzea. Borja Senper alkategaiak oso kanpaina pertsonalista egin zuen, PPren siglak ia erakutsi gabe, eta hiru zinegotziak mantentzeaz gain, 1.000 boto gehiago eskuratu zituen.
Elkarrekin Podemosi dagokionez, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak alderdiak koalizioan joanda, 2015ean Irabazik bakarrik (Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak) izandako emaitzak hobetzea zuten helburu. Hobekuntza hori izan zuten, 2.500 boz gehiago eskuratuz eta hiru zinegotzi, Irabazik zituenak baino bat gehiago.
Erreakzioak
Lortutako emaitzarekin pozik agertu zen Goia, “bikaina” zela esan baitzuen. Eskerrak eman zizkien botoa eman zioten donostiarrei, eta garaipenak bi irakurketa zituela esan zuen: “Batetik poztasunarena, jendeak konfiantza eskaini digulako, eta bestetik ardurarena”. Etorkizuneko gobernu akordioei dagokienez, PSE-EErekin akordioa errepikatzearen aldeko jarrera agertu zuen Noticias de Gipuzkoa hedabideari emandako elkarrizketan, eta esan zuen “leialtasunagatik” Gascoren taldearekin hitz egingo duela lehenengo.
Reyes Carrere EH Bilduren alkategaia ere emaitzekin pozik agertu zen igande gauean. Izan ere, balorazioa “oso positiboa” zela eta helburua lortu zutela adierazi zion IRUTXULOKO HITZAri: “Nahi genuena lortu dugu, erabakitze guneetan egotea”. Legealdiari “ilusioz” ekingo diotela azpimarratu zuen Carrerek.
Gascok ez zuen inolako balorazio ofizialik egin hauteskunde gauean, eta IRUTXULOKO HITZAri ere ez dio adierazpenik eman. Radio San Sebastian hedabidean egindako adierazpenetan, ordea, izandako porrota ez zela pertsonala izan esan zuen. Aldi berean, EAJrekin gobernu akordioa berregiteko prest azaldu zen, eta horrela baloratu zuen Goiaren garaipena: “Donostiarrek kudeaketa saritu dute, ez zuten aldaketarik nahi eta Goiarekin hori saritzen zela ulertu dute”. Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak honako irakurketa egin zuen Euskadi Irratian: “Donostian argi eta garbi ez diogu etekinik atera EAJ-PSE-EE koalizioari”.
Alderdiak zituen hiru zinegotziak mantentzearekin “pozik eta asebeteta” agertu zen Borja Senper PPren alkategaia hauteskunde gauean. Kanpainak arrakasta izan zuela nabarmendu zuen, eta haren arabera, udalean “aro berri bat” irekiko da.
Emaitzen balorazio «oso positiboa» egin zuen Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen alkategaiak, zinegotzi kopurua handitzeagatik, batez ere. Bestalde, kanpainan helarazi zituzten mezuak donostiarrei iritsi zaizkiela esan zuen, eta “kaleari itsatsita” jarraituko dutela.