G7-aren aurkako erantzun herritarra martxan dago
Abuztuaren 24tik eta 26ra, G7-a osatzen duten herrialdeek euren urteroko gailurra egingo dute Biarritzen. Lapurdin bilduko direla jakin bezain laster, Euskal Herriko hainbat eragilek erantzun herritarra antolatzeari ekin diote.
“Bilkura hemen egin behar zela jakin eta, segituan, Euskal Herriko txoko guztietatik jendea mugitzen hasi zen, erantzuna antolatzeko asmoz”. Hala azaldu dute Maddi Arrietak eta Joseba Alvarezek G7 Ez izeneko plataforma herrikoiaren sorrera. Maila nazionaleko mugimendu honek Donostian duen taldeko kideak dira biak, eta herriz herri osatutako sare zabal baten parte direla argitu dute: ”Estatu frantseseko eta Euskal Herriko hamarnaka eragilek osatzen dute plataforma, eta jada taldeak ditugu Iparraldean eta Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan”.
Kapitalismoaren botere hegemonikoaren ikur, G7-a osatzen duten zazpi herrialdeen [Alemania, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada, Italia eta Japonia] gailurrak protesta ugari eragin izan ditu munduan zehar. Aurten, bilkuraren gai nagusia herrialdeen arteko desparekotasuna izango dela iragarri dute antolatzaileek, eta asko dira erabaki hori iraingarritzat jo duten ahotsak: “Gauza lotsagarria da, herrialde horiek berak baitira desorekak sortzen dituztenak: patronalaren eta langileen artean, gizon eta emakumeen artean, iparraldearen eta hegoaldearen artean…”, zehaztu du Alvarezek.
G7-an hartzen diren erabaki politikoek Donostian dauzkaten eraginak bost ardatz nagusitan sailkatu dituzte plataformako kideek: lan baldintza txarrak eta prekaritatea, heteropatriarkatua, klima aldaketa eta globalizazioa, migrazio politika baztertzaileak eta eskubide zibil eta politikoen urraketak.
Egoera horren aurrean, datozen hilabeteetarako egitarau bat osatu dute, hiru helburu zehatzekin. Batetik, Euskal Herriko populazioa mobilizatu nahi dute, pedagogia eginez eta etorkizuneko alternatibei begira. Bestetik, G7-aren bilkurak mobilizatzen dituen hedabideen fokuak aprobetxatuz, abuztuaren 19tik aurrera kontra-gailur bat egingo dute Irunen eta Hendaian, Biarritz Euskal Herria dela erakutsi eta lurraldean alternatiba ezkertiar eta subiranista bat dagoela ikusarazteko. Hirugarren helburua da desobedientzia zibilaren bitartez G7-a ahal bezain beste oztopatzea erabaki dute.
Badakite ezarritakoa erronka handia izango dela, gailurrak iraun bitartean Biarritzera hurbiltzea oso zaila izango dutelako. Izan ere, manifestaririk hurbildu ez dadin, gobernu frantsesak aireportua itxi eta tren zerbitzua bertan behera utziko du. Gainera, Biarritzen eremu guztia 15.000 poliziekin inguratuko dute, eta ezin izango da inolako manifestazio edo elkarretaratzerik egin. Protesta soziala, “edozein dela bere forma”, debekatua egongo dela ohartarazi du Arrietak.
Etorkizunera begira, hiru data nagusi finkatu dituzte: ekainaren 22rako Gipuzkoa mailako mobilizazio bat deituko dute Donostian, eta uztailaren 13an manifestazio nazionala egingo dute Biarritzen. Abuztuan, berriz, oraindik ezagutzera ez den mobilizazio masibo bat antolatuko dute kontra-gailurrarekin batera.
Ordura arte, ordea, Donostiako taldeak beste ekitaldi batzuk antolatuko ditu hirian. Ostiralean, esaterako, mahai-ingurua egingo dute San Jeronimo kaleko kriptan, 19:00etan, Lundi Matin egunkariko kazetari batekin eta Ainoha Pascual abokatuarekin, estatu frantseseko egoera politiko-soziala eta poliziak herritarren aurka erabili ditzakeen neurri juridikoak aztertzeko. Larunbatean, berriz, Trump eta G7-ko gainerako liderren lehorreratzea irudikatuko dute Kontxako hondartzan, 12:00etan, mugen itxieraren aurkako ekitaldi gisa.