"Gasco banintz, dimisioa emango nuke"
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeak pasata, emaitzak aztertu ditu Jule Goikoetxea Mentxaka politologo eta irakasle donostiarrak. EAJren igoera, PSE-EEren jaitsiera eta PPren mantentzea aipatu ditu, besteak beste.
Emaitzen balorazio bat egingo zenuke?
Hego Euskal Herriari dagokionez, nire sentsazioa da gauza bera daramagula bozkatzen azken hiru edo lau hamarkadetan. Bigarren hausnarketa da EAJ beti PP eta PSOErekin alderatzen dela, eta alderaketa horretan beti irabaziko duela. Hirugarrena da abertzaletasuna handitu egiten ari dela, eta aurrera begira interesgarria da hori. Hala ere, esan behar da gaur egun EAJ ez dela alderdi independentista bat, beraz, ez dezagun nahastu abertzaletasuna eta independentismoa.
EAJ egonkortu da Donostian?
Egia esan, arraroa egiten zait Donostiako kasua. Izan ere, Gipuzkoan berriz ere Markel Olanok irabazi badu ere, nabaritzen da lehia egongo dela, eta hurrengo hauteskundeetan EH Bilduk har dezakeela foru aldundia, bi alderdiak hegemonikoak izan baitaitezke lurraldean. Donostian ez da hori gertatzen. EAJk duen pertsonaia interesgarrienetakoa iruditzen zait Eneko Goia, nahiz eta ez dudan pertsonalki bere diskurtsoa partekatzen. Baina Ernesto Gascorekin alderatuta, hautagai hobea da.
EH Bildu bigarren indarra da, baina boz kopuruetan ez da asko igo.
Horregatik esaten dut arraroa egiten zaidala Donostiako kasua, eta EH Bildu horren gutxi igo izana, beste lekuetan gehiago igo den bitartean. Hauteskunde kanpainak ere eragina du, eta ez dut uste ezkerreko bozka gehiegi mobilizatu denik Donostian. Oro har, ezkerraren aldetik erlaxazioa egon dela uste dut. Pertsonalismoek eragin handia izan dute, eta EH Bilduri botoa eman ziezaiokeen jende askok bozkatu ez duela uste dut.
Nola baloratzen duzu PSE-EEren jaitsiera?
Ni Gasco banintz, dimisioa emango nuke. Donostiako bai ezker eta bai eskuineko profil gehiengoarentzako atsegina ez den pertsonaia bat da, ez du mailarik ematen. Ez dira horren inguruko azterketa soziologikoak egin oraindik, baina donostiarra izanik, eta nire hiria ezagutuz, Gascorena ez da funtzionatuko duen profil bat. Azken legealdian oso argi gelditu da, bai hartutako hainbat erabakirengatik, eta baita dituen estilo eta formengatik ere.
Eta PPren mantentzea?
Alde batetik Senperrek egin duen kanpainagatik izan daiteke, jaitsi ez den leku bakarretakoa baita. Bestalde, Donostian badago gizartearen zati bat Espainiako eskuinekoa dena, eta oraingoan gehiago mobilizatu dela iruditzen zait. Ez horrenbeste EAJren edo EH Bilduren kontra, baizik eta Ciudadanos eta Voxen kontra.
Elkarrekin Podemosen kasuan, zinegotzi bat gehiago lortu dute.
Elkarrekin Podemosek eutsi egin dio Donostian, baina oso zaila dauka askoz gehiago igotzea, gure soziologiak ez duelako gehiagorako ematen. Bi bloketan kokatzen dut gizartea: %60a abertzalea dela uste dut, eta %40a ez abertzalea. Beraz, %60 horretan Elkarrekin Podemosek espazio bat izateko oso gaizki egin beharko luke EH Bilduk, eta hala ere ez dakit boto transferentzia oso handia izango litzatekeen. Eta PSE-EE desagertzen ez den bitartean, beste blokean espazio bat izateko ere zaila dauka.
Beste hiriburuekin alderatuta, zer aldatzen da Donostian?
Gasteizen lehia handia dago alderdi abertzale eta espainiarren artean. Aldaketak, oro har, Araban eta Nafarroan ematen ari dira, Gipuzkoan eta Bizkaian betikoa da hein batean. Bilbon EAJren hegemoniak jarraitzen du, eta leku guztietatik hartzen ditu botoak. Zaila ikusten dut Bilbon ezkerraren (EH Bildu eta Podemos) zabaltzea. Donostian, ordea, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia hori badago. Gasteizen ere ate hori irekitzen ari da, baina soziologia zeharo desberdina du.