"Gobernu akordioa errepikatuko da"
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak pasata egin bezala, udal hauteskundeen ondorengo Donostiako egoera politikoa analizatu du Felix Arrieta Frutos politologo eta irakasleak. PSE-EEren jaitsiera eta auzoetan izan diren aldaketak nabarmendu ditu.
Nola ikusten dituzu auzoetako emaitzak?
Bereziki esanguratsua da PSE-EEren emaitza Altzan. Han EAJ asko hurbiltzen da PSE-EEren langara, eta ikusi beharko da boto aldaketa hori zergatik izan den. Langile klasearen bozak egon dira historikoki Altzan, eta horrek mantendu du alderdi sozialista. Egia da klaseen arteko botoa desagertzen ari dela, eta EAJk leku guztietatik botoak hartzeko duen gaitasun horrek eragina izan dezakeela. Bestalde, alderdi sozialistak azken urteetan egin duen diskurtsoa klase sozialetatik desitsatsi egin da, eta horrek ere eragina izan du Altzan.
EAJ Donostian kontsolidatu da?
Hauteskundeen aurretik airean zegoen galdera zen EAJk mantenduko ote zuen Donostiako plaza, ikusita azken urteetan hiru alderditako hiru alkate izan dituela hiriak: Odon Elorza alderdi sozialistakoa, Juan Karlos Izagirre EH Bildukoa eta Eneko Goia EAJkoa. Beraz, hauteskunde hauek nabarmendu dute 2015eko EAJren garaipena ez zela anekdota bat izan, eta bere proiektuaren jarraipena markatzen dute.
Nola baloratzen duzu PSE-EEren jaitsiera?
Elementu nagusi bat dago hor, Gascoren figura bera. Pedro Sanchezen goranzko joera nabaritu du alderdi sozialistak gainontzeko lekuetan, baina ez Donostian. Alderdiari garrantzia gehiago eman diote hautagaiari baino, eta hautagaiak berak indarra kendu dio alderdiari. Hor badago datu esanguratsu bat, eta da Denis Itxasok Gipuzkoako batzar nagusietarako hauteskundeetan 1.700 boz inguru galdu dituela Donostian, eta Ernesto Gascok 7.000 boto. Beraz, hautagai bakoitzarekiko pertzepzioa desberdina da alderdi sozialista bozkatzen duten donostiarren artean.
Ernesto Gascoren lidergoa kolokan jartzen dute emaitza hauek?
Zalantzarik gabe. Alderdia eta hautagaia bera ezagututa, ez dut uste epe labur edo ertainera eraginik izango duenik, baina epe luzera uste dut ondorioak izango dituela, bai bere alderdian eta baita EAJrekin negoziatzeko garaian ere.
EH Bildu bigarren indarra bada ere, antzeko boto kopurua lortu du.
Horregatik, EH Bilduk planteatu beharko lukeena da zer egin behar duen hautesle kopurua zabaltzeko. Hau da, zer egin alderdiarekin guztiz identifikatuta ikusten ez diren pertsonek EH Bilduri botoa emateko. Hor zerikusia dute hautagaiaren profilak eta egiten diren eskaintzek, eta epe luzerako hausnarketa bat izango da seguru aski. Hala ere, iruditzen zait hauteskunde hauetako emaitza ez dela txarra EH Bildurentzat.
PPren kasuan, Senperrek eragina izan du?
Uste dut Senper efektuaz hitz egiten hasi gaitezkeela. Oso kanpaina pertsonalista egin du Senperrek, PPren logotipoa alde batera utziz, eta horrek emaitza positiboak izan dituela ikusi dugu. Kanpaina horrek izan dituen emaitzak ikusita, galdera da estrategia horrek Donostiatik kanpo eragina izango ote duen, hau da, erkidegoko PPk ere estilo hau hartuko ote duen.
Gobernu akordioak errepikatuko dira?
Gobernu akordioa errepikatuko da, nire ustez. Hala eman dute aditzera kanpainan, eta datuek hori erakusten dute. Baina ikusi behar da indar korrelazioa zein den, EAJk momentu honetan bikoiztu egiten baitu PSE-EEren zinegotzi kopurua. Hau da, PSE-EE hirugarren indarra izatera pasa da, eta horrek EAJ indartzen du negoziazioetarako. Beraz, udal gobernuaren kolorea berdina izango dela uste dut, baina osaera desberdina izango dela. Ez da negoziazio erraza izango Ernesto Gascorentzat.