Ondarretako bolatokia
Donostiak hondartza denboraldi berriari ekingo dio larunbatean, eta eguraldia lagun izanez gero, itsasoaz gozatu eta eguzkia hartzeko aukera izango dute hiritarrek. Duela mende erdiko Ondarretan, ordea, horrekin nahikoa ez eta bola-jokoan ere ibili ohi ziren donostiarrak.
Itsasaldi bizien kostan halako zerbait eraikitzea astakeria bat iruditu daitekeen arren, Ondarretako egurrezko eraikin honek urte askoan zehar iraun zuen hondartzan, eta zutik jarraitzen du oraindik hiritar askoren memorian. 1955ean inauguratu zuten, eta aisiarako hainbat gune zituen.
Beheko aldean, esaterako, jatetxe handi bat zuen, bezero ugari jasotzeko jangela eta terrazarekin. Goian, berriz, dantzaleku zabal bat zegoen, eta udarako arratsaldeetan ohikoa izaten zen hiriko gazteak hor dantzan ikustea, musika hondartza osoan entzuten zen bitartean. Atrakzio nagusia, ordea, kanpoaldean zuen. Izan ere, bolatokiak, bere sei pistekin, gazte zein helduentzako dibertimendu paregabea eskaintzen zuen itsasertzetik pauso gutxira.
Hain zuzen, itsasotik horren gertu egoteak hainbat arazo ekarri zizkion Ondarretako eraikinari, olatuek fatxadako egurrak behin baino gehiagotan bota baitzizkioten, boloak balira bezala. Baziren ere bolatokiari hondartzako harrien arazoa leporatzen ziotenak, eraikinak ustez hondarraren lekualdatze naturala oztopatzen zuelako.
Teoria hura baliogabe geratu da, ordea, denboraren poderioz. Izan ere, 60ko hamarkada amaieraz geroztik, Ondarretako eraikina beste jatetxe eta kafetegi batzuek ordezkatu dute, eta harriek euren lekuan berdin jarraitu dute. Azken eraikinak 2012ko urtarrilera arte iraun zuen, bolatokiaren kokapen berean, eta orain soilik hondartza denboraldian jarri ohi diren txosnak mantentzen dira hor. Hala ere, eguzkia lagun den bitartean, nork behar du gehiago?